ZIENTZIAREN TALAIA

Intsektu hegalariak eta udarako gau luzeak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2024ko api. 8a, 07:58

Udaberri eta udako gaueko tenperatura goxoak hurbiltzen ari zaizkigu eta ohikoa da gau-giro horretan terrazan edo balkoian egotea lasai ederrean. Bat-batean… plast! Eltxo bat pinazko koktelean igeri eta gaueko iluntasuna samurtzen duen argiaren inguruan 30 bat intsektu hegalari. Ba ote dauka honek azalpen zientifikorik? Zergatik hurbiltzen dira intsektuak argi artifizialera?

Sitsak, ipurtargiak, tximeletak, eltxoak eta bestelako intsektu hegalariek argiarekiko zaletasuna dutela ezaguna da aspalditik. Aspalditik: Erromatar Inperioaren garaian ere borrokan aritzen ziren intsektu hegalariekin. Haiek ere ezin izan zuten erremediorik jarri eta ziur Julio Zesar berak ere eltxoren bat irentsi zuela vinum mulsum tragoarekin batera.

Guk baditugu zenbait irtenbide, baina, gehienen eraginkortasuna zalantzan jartzekoa da. Zientziak ba al dauka gai honi buruz zerbait esateko? Bai, ene irakurle, baina, ez pentsa irtenbide magikorik ez dizut proposatuko. Bai, ordea, gertatzen denari buruzko azalpen osatuagoa emango dizut. Hain zuzen ere, Samuel T. Fabian eta bere lankideak gaia ikertzen aritu ziren eta urtarrilean haien ikerketen emaitzen berri eman zuten Nature aldizkari entzutetsuan. Why flying insects gather at artificial light —Zergatik biltzen dira intsektu hegalariak argi artifizialean— izenburu duen lanean intsektu hegalarien jokabidea ulertzeko giltzarriak ezarri dituzte. Horretarako, hainbat intsektu hegalariren hegaldiak aztertu dituzte punta-puntako teknologia erabiliz: intsektuei jarritako sentsoreak, hegaldiak erregistratzeko bideokamera bereziak… Horrekin guztiarekin, intsektuen hegaldien ibilbideak aztertu dituzte hiru dimentsiotan, eta konturatu dira intsektuek ez dutela argira hurbiltzeko hegan egiten. Kontrara, intsektuek bizkarra ematen diote argiari eta ibilbide perpendikularrak egiten dituzte.

Itxuraz intsektuak argirantz doazela dirudi, bai, baina, intsektuak bizkarrez hurbiltzen dira. Zergatik egiten dute hori? Bada, non dauden jakiteko. Gure kasuan, lurrean gaudenez, erraza egiten zaigu jakitea zer den gora eta zer behera, baina, hegan dagoen intsektu batek zailtasunak izan ditzake goiko eta beheko aldea zein den bereizteko. Hain zuzen ere, hegan egiteko azelerazioak zaildu egiten du Lurraren grabitatea zein noranzkoan dagoen jakitea, beraz, baliteke intsektu batek zailtasunak izatea gorantz ala beherantz doan jakiteko. Zuzen orientatu ahal izateko, haien erreferentzia da argitasuna goiko aldean dagoela —Naturan ohikoa litzatekeena—. Hortaz, gizakiok argi artifizialekin intsektu hegalariak nahastu egiten ditugu eta, gure bonbilla madarikatuak zeruaren goiko aldea direla ustez, argiaren fokuarekiko hegaldi perpendikularretan harrapatuta gelditzen dira. Ikertzaileek aipatzen dute euli arrunten kasuan ez dutela argiarekiko portaera hau ikusi, alegia, ez direla argiaren kontra bizkarrez jartzen. Edonola ere, egia da intsektu hegalariak argira hurbiltzen direla, non dauden jakiteko erreferentzia bat delako. Hala ere, hain gertu daudenean, haien posiziotik argia mugitzen ari dela dirudi eta nahaste horretan, noraezean mugitzen dira, noizean behin argiaren kontra talka eginez.

 

«Argiratutako lanaren ondorioetan ikertzaileek aipatzen dute mekanismo hau ulertuz, agian, etorkizunean posible izango dela beste mota bateko argi-fokuak diseinatzea»



Argitaratutako lanaren ondorioetan ikertzaileek aipatzen dute mekanismo hau ulertuz, agian, etorkizunean posible izango dela beste mota bateko argi-fokuak diseinatzea. Horrela intsektuak ez zoratzea posible izan daiteke eta azkenik, lasai egon ahal izango gara udako gauetan inguruan dauden intsektu hegalari guztiak erakarri gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!