ZIENTZIAREN TALAIA

Eboluzioaren teoria eta taula periodikoa, Indiako curriculumetik kanpo

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2023ko urr. 2a, 07:58

India munduko herrialderik populatuena da jada, 2023ko udaberrian Txinari lehen postua kendu ondoren. Hezkuntza alorrean duen erronka ere ez da txikia: 256 milioi ikasle daude Lehen edo Bigarren Hezkuntzan. Eskoletan lantzen diren edukiei dagokienez, eskola-curriculuma NCERT National Council of Educational Research and Training erakundeak ezartzen du eta testuliburuen argitalpenaz ere arduratzen da.

COVID-19ak eragindako itxialdiaren eraginez, NCERTek curriculumaren murrizketa ezarri zuen eta, besteak beste, Darwinen eboluzioaren teoria eskolan landu beharreko edukietatik kanpo gelditu zen. Orain, ordea, behin behinekoak izan behar ziren aldaketa horiek behin betikoak bihurtu dira. Ez hori bakarrik, beste hainbat eduki ere ezabatu dituzte ikasturte honetan eta hurrengoan erabiliko diren testuliburuetatik. Besteak beste, taula periodikoa, elektromagnetismoa, energia-iturrien erabilera arduratsua eta kutsadurari buruzko zenbait eduki ez dituzte landuko 14 eta 16 urte bitarteko milioika ikaslek.

«Curriculumaren arrazionalizazioa» aitzakia gisa erabilita, Indiako hezkuntza-arduradunek erabaki dute gaur egungo testuinguruan garrantzirik gabekoak direla aipatutako edukiak, antza. Apirilean Indiako 4.000 ikertzailek baino gehiagok sinatu zuten hartutako erabakiaren aurkako gutuna eta Nature aldizkariak hautsak harrotu zituen artikulua argitaratu zuen zientzia-komunitateari auziaren berri emanez. Ingurumenaren jasangarritasuna edo energia-iturrien erabilera arduratsua munduko herrialderik populatuenaren curriculumetik ezabatzea aztertu gabeko erabakia dela pentsatzea inozente samarra da. Nature aldizkariak jakinarazi zuenez, aldaketa horrek 11 eta 18 urte bitarte dituzten 138 milioi ikaslerengan eragina izango du. Eboluzioaren teoria Biologiaren funtsezko kontzeptua da eta taula periodikoa Kimikaren oinarri-oinarrietan dago. Horrelako jakintzak ezabatuta, alfabetizazio zientifikoari kolpe latza ematen zaio, metodo zientifikoa ulertzeko beharrezkoak diren tresnak kentzen ari baikara. Zientziaren arlokoak ez diren hainbat eduki ere curriculumetik kendu dira. Ez dirudi horiek ere ausazkoak direnik; izan ere, demokrazia eta bere erronkak, aniztasuna edo alderdi politikoei buruzkoak dira, besteak beste, aldaketak jasan dituzten beste zenbait atal.

 

Horrelako jakintzak ezabatuta, alfabetizazio zientifikoari kolpe latza ematen zaio



Iturri ofizialek edukien arrazionalizazioa edo memorizatu beharreko jakintzen murrizketa argudiatu duten arren, Nature zein Science aldizkari entzutetsuekin harremanetan egon diren adituen arabera, egoera larria da eta pentsamendu arrazionala eskoletatik uxatzeko estrategia antolatua aipatzen dute. Milioika lagunek ez dute eboluzioaren teoriaren berri izango, Biologia ikasketak aukeratzen dituzten ikasleek soilik ikasi beharko dutelako, eta unibertsitatera joan aurreko azken bi ikasturteetan bakarrik. Mendebaldeko zenbait herrialdetan eboluzioaren teoria ezbaian jartzeko hezkuntza-politikak ere ezagunak ditugun arren, Indiako kasuan eduki ugari aldi berean ezabatu izanak eta zientziarekin lotuta ez dauden gizarte-esparruko edukiak ere ezabatu izanak zientzi-komunitatearen kezka areagotu du.

Ezagutza zientifikoaren aurkako oldarraldi honek argi uzten du curriculumean zein eduki sartu eta zein ez erabakitzea funtsekoa dela gizartearen norabidea ezartzean. Ez dugu urrutira joan behar horretaz jabetzeko. Jasangarritasuna, kutsadura, aniztasuna edo demokrazia ez badira txikitatik lantzen, ez badira eskolan existitzen, nekez eraikiko dugu gai horiekiko arduratsua den gizartea. Gerran lehen biktima egia omen da, bada, garai ilunetan zientzia eta hezkuntza dira lehen erasotuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!