ZIENTZIAREN TALAIA

Fentaniloa: modan dagoen droga

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2023ko eka. 2a, 07:58

Apiril hasieran bolo-bolo ibili zen AEBetako janari lasterreko marka ezagun baten sukaldean grabatutako bideo bat. Bideoan langile bat ikus zitekeen, drogen efektupean egoteko itxurarekin. Honek zalaparta ugari sortu zuen eta handik gutxira, fentanilo delako droga aipatzen hasi zen. Fentaniloa ez da droga berria, baina, bai geroz eta kezka handiagoa sortu behar diguna.

Azken hamarkadan fentaniloaren kontsumoa izugarri handitu da. Espainiako Estatuaren kasuan, erabilera laukoiztu egin dela jotzen da. AEBetan egoera oso larria dela jakinarazi dute. Bertan, fentanilo gaindosiagatik gertatutako heriotzak %90 handitu dira eta 2021. urtean 70.000 lagun hil ziren. Sarritan, gainera, fentaniloa beste drogekin batera kontsumitzen da alkohola, heroina edo morfina eta horrek arriskua asko handitzen du. Fentaniloa medikuntzan oso baliagarria den arren, azken urteotan legez kanpoko salerosketak asko ugaritu dira. Izena oraindik oso ezaguna ez den arren agian 2016an egin zen ezaguna, Prince abeslaria fentanilo gaindosi baten kausaz hil zenean, ziur geroz eta gehiago entzungo dugula hurrengo urteetan.

 

«Fentaniloa medikuntzan oso baliagarria den arren, azken urteotan legez kanpoko salerosketak asko ugaritu dira»

 

Lehenik eta behin, koka gaitezen: fentaniloa analgesiko gisa erabiltzen den opioidea da. Opiodeak opioaren antzeko efektuak eragiten dituzten substantziak dira. Hain zuzen ere, organismoan ditugun hartzaile opioideekin elkartzen dira. Horren ondorioz, opioideak gai dira nerbio-sistema zentralean zein urdail-hesteetako traktuan asaldurak eragiteko. Opioideak hiru talde handitan sailkatzen dira: opioaren alkaloideak morfina eta kodeina, kasu, opioide erdisintetikoak oxikodona eta heroina, esaterako eta, azkenik, guztiz sintetikoak diren opioideak azken talde honetan legoke fentaniloa bera, baina, baita metadona eta petidina ere, adibidez.

Esan bezala, fentaniloa analgesiko narkotikoa da eta minaren aurkako tratamenduetan erabiltzen da, esate baterako, minbizi kasuetan. Fentaniloa neurrian erabiltzen da beti; izan ere, jakina da adikzioa sortzeko arriskua handia dela. Fentaniloa morfina baino ehun aldiz eta heroina baino 50 aldiz eraginkorragoa da. Legez kanpoko drogen artean, morfinaren eta heroinaren antzeko efektuak eragiten dituenez, baina, dosi txikiagoa nahikoa denez eta merkeagoa denez, substantzia piskoaktiboen merkatuan geroz eta presentzia ugariagoa du. Arriskua, gainera, ez da bakarrik fentaniloak berak duena. Droga sintetikoen kasuan arrunta da substantzia desberdinak nahastea eta, oro har, fentaniloa beste hainbat drogekin nahasten da: heroinarekin, MDMArekin, kokainarekin, eta abar. Fentanilo kantitate txikiak nahikoak direnez kontsumitzaileek bilatzen duten efektua lortzeko, osagai eraginkorra da droga sintetikoetan. Hau bereziki arriskutsua da; izan ere, droga batek dituen osagaiak zeintzuk diren jakin gabe, ezinezkoa da albo-ondorioak kontrolpean izatea eta gaindosia izateko arriskua askoz ere handiagoa da.

Fentaniloak eragiten dituen albo-ondorioen artean, aipatzekoak dira hurrengoak: zoriontasun izugarriaren pertzepzioa, goragalea, lo astuna eta arnasa hartzeko arazoak. Gaindosi kasuetan, gaixoaren arnasa asko moteltzen da eta guztiz gelditzera iritsi daiteke. Horrek garunera iristen den oxigeno kantitatea murrizten du eta hipoxia gerta daiteke. Hipoxiaren ondorioz koma, garuneko kalte itzulezinak eta heriotza gerta daitezke, kasurik larrienetan. Esan bezala, fentaniloa geroz eta presenteago egongo den droga da eta adikzio kasuak ere larriak izan daitezke. Behin mendekotasuna sortuta, organismoak droga horren beharra dauka martxan jarraitzeko eta geroz eta zailagoa da fentanilo kontsumoa uztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!