ZIENTZIAREN TALAIA

Parekoen berrikuspena: zientzia egiteko modua

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2023ko mar. 13a, 07:58

Zientzia gertutik ezagutzen ez duen edonorentzat hitz arrotzak dira parekoen berrikuspena edo peer review delakoa. Alabaina, sistema hori zientziaren, edo hobeto esanda, zientzia egiteko moduaren oinarrian dagoen gakoa da. Duela urte batzuk, zientziaren lan egiteko zenbait modu zalantzan jarri dira eta parekoen berrikuspen sistemak hausnarketa sakona behar duela dioten adituak geroz eta ugariagoak dira. Zer da, baina, hori guztia eta zergatik da garrantzitsua?

Lehenik eta behin, ezinbestekoa da zientzia egiteko moduan kokatzea, horrek eramango gaituelako hausnarketa egokira. Argi izan behar duguna da zientziak aurrera egin ahal izateko zientzialarien arteko komunikazioa ezinbestekoa dela. Komunikazioaz ari garenean, ez gara ari haien arteko komunikazioaz bakarrik: egindako ikerketen emaitzen komunikazioaz ari gara. Zientzialari batek edo talde batek ikerketa berri bat abiatu behar duenean, aurrez egindako lanak ezagutu behar ditu, hortik hasiko baitira lan berriak. Aurrez egindakoa biltzeko eta ezagutzeko modurik ez balego, ezinezkoa litzateke aurrerapausoak ematea. Tradizionalki, ikerketen berri biltzar zientifikoetan zein zientzia-aldizkarietan eman izan da, baina, zalantzarik gabe bigarrena da modurik arruntena. Ikertzaile batek bere esperimentu, metodo, eztabaida, emaitza eta ondorioak artikulu batean bildu ohi ditu eta artikulu hori zientzia-aldizkari batean argitaratzen du. Horrela, gainontzeko zientzialariek lan hori irakur dezakete eta zientziak aurrera egin dezake.

Hemen badira aipatzeko zenbait puntu. Alde batetik, egun, zientzialari baten curriculumaren atalik garrantzitsuena argitaratutako artikulu kopuruarena da. Lanpostuak, hobari ekonomikoak zein ikertzeko diru laguntzak lortzeko irizpide nagusienetakoa argitaratutako kalitatezko lanen kopurua da. Horrek zientzialaria argitaratzeko beharraren aurrean jartzen du, bere etorkizun profesionala kolokan jarri nahi ez badu behintzat. Jakina, artikulu guztiek ez dute balio bera. Kalitatezko aldizkarietan argitaratutakoak askoz ere gehiago balio dute. Eta, zer da kalitatezko aldizkari bat? Bada, kalitatezko zerrendetan indexatuta dagoena. Esaterako, Journal Citation Reports —JCR— da irizpide ezagunena. JCR indizean dauden aldizkariak kalitatezkoak dira eta bertan argitaratzen den lanak balio handia du. Ikertzaile batek jaso dezakeen albisterik onenetakoa da bere lana JCR indizean dagoen aldizkari batean argitaratzeko onartu dela jakitea.

 

Berrikuspen sistema honek ondo funtzionatu dezan, ezinbestekoa da ebaluatzaileak arlo horretan esperientzia handia duten ikertzaileak izatea



Beste alde batetik, aldizkariek ere kalitatezkoak izan nahi dute eta irizpide garrantzitsuenetakoa parekoen berrikuspen prozesuan oinarrituta egotea da. Hain zuzen ere, ikertzaile batek bere lana argitaletxe batera bidaltzen duenean, bere lan hori hiruzpalau adituk irakurri ohi dute —oro har, modu itsuan egiten den prozesua da eta ebaluatzaileek ez dakite lanaren egilea nor den—. Adituek lana ontzat ematen badute, ikerketa-lana aldizkarian argitaratuko da. Zenbait kasutan, ebaluatzaileek zuzenketak eskatzen dituzte eta, kasu horretan, ikertzaileak aldaketa egokiak egin beharko ditu bere lana argitaratu ahal izateko. Aipatzekoa da adituek, ia beti, musu-truk egiten dutela ebaluatzaile lana. Berrikuspen sistema honek ondo funtzionatu dezan, ezinbestekoa da ebaluatzaileak arlo horretan esperientzia handia duten ikertzaileak izatea. Alabaina, ebaluatzaile lana ere curriculumeko puntu garrantzitsua denez, azken urteotan nabarmendu den arazoetako bat hauxe da: zenbait pertsonek ebaluatzaile lanak onartzen dituzte gai horretan aditu izan gabe. Kasu puntualak diren arren, guzti honek hausnarketa sakona behar duela diote adituek, hain zuzen ere, parekoen berrikuspen sistema zientziaren oinarrietako bat delako. Oinarriak huts egiten badu eta ez bada zaintzen, dena kolokan egon daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!