ZIENTZIAREN TALAIA

Fusio 'garbiaren' argi-itzalak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2022ko abe. 26a, 07:58

Abenduaren 5ean Kaliforniako Lawrence Livermore Laborategi Nazionalean mugarria den esperimentu bat arrakastaz burutzea lortu zuten. Hainbat hamarkadetan ahaleginak egin arren, 2022aren amaiera honetan lortu dute lehen aldiz esperimentu batean jarritakoa baino energia gehiago lortzea fusio nuklearraren bidez. 

Naturan erreakzio hori ohikoa eta arrunta den arren —Eguzkiak, adibidez, bertatik lortzen du energia—, orain arte ez zen lortu laborategian errepikatzea. Lortutakoa mende honetako aurrerapauso zientifiko handienen artean legoke.

Fusio nuklearrak energia elektriko garbi, seguru, ugari eta merkea ekar dezake. Horrela esanda, primerakoa dirudi. Baliteke horrela izatea egunen batean, baina, egun hori, tamalez, urruti dago. Hori guztia ulertzeko, kontzeptu zientifiko batzuk argitzea ezinbestekoa da. Lehenik eta behin, fisio eta fusio nuklearrak bereizi behar ditugu. Egun martxan dauden zentral nuklearretan fisio nuklearra erabiltzen da energia lortzeko. Atomo astun bat neutroien eraginez zatitzen denean, atomo arinagoak, erradiazioa eta energia kantitate handiak igortzen dira. Energia horren bidez ura berotzen da eta hortik energia erabilgarria lortzen dugu. Esan bezala, prozesuan kutsakorrak diren hondakinak sortzen dira eta horiek dira energia nuklearraren eragozpenik handienak. Kaliforniako laborategian egin dutena kontrako prozesuan oinarritzen da: fusioa. Fusio nuklearraren kasuan, atomo arinak elkartzen dira atomo astunagoak lortzeko. Zenbait kasutan, fusioaren ondorioz energia kantitate handiak igortzen dira. Kasu honetan, deuterioa eta tritioa elkartuz energia igortzea lortu dute eta energia hori erabiltzea litzateke gakoa. Fusio nuklearra garbia dela aipatzen da; izan ere, ez dira hondakin kutsakorrak sortzen —ez behintzat fisio nuklearraren kasuan bezala—. Fusio nuklearra gerta dadin, elkartuko diren atomoak oso gertu egon behar dira eta horretarako laserrak erabili dituzte. Deuterio eta tritio atomoak kapsula ñimiño batean jarriz eta laserren bidez energia emanez, atomoak fusionatzea lortu dute eta energia askatzea. Atomoak elkartzea orain arte lortzen bazuten ere, orain, lehen aldiz, emandakoa baino energia gehiago askatzea lortu dute —%35 gehiago—.

 

Fusio nuklearrak ez gaitu aldaketa klimatikoaren ondorioetatik salbu utziko



Irakurri ditugun titulu sentsazionalistetik haratago, argi izan behar dugu teknologia mota honen erabilera komertziala oso urrun dagoela oraindik. Inondik inora ez da espero 2050. urtea baino lehen izango denik, kasurik onenean; izan ere, kontuan hartu beharreko puntu garrantzitsu batzuk daude. Lehenik eta behin, energiaren ekoizpen komertziala bideragarria izateko, energia gehiago lortu beharko litzateke. Gainera, esperimentua eskala handian egin ahal izateko tresna teknologikorik ez dago, oraingoz. Bigarren, kontuan hartu behar da laborategitik emandako informazioa oraindik ez dagoela aldizkari zientifiko batean argitaratuta eta, beraz, adituen berrikuspen prozesurik ez duela gainditu. Edozein emaitza baliagarria izan dadin, zientzian ohikoa den ebaluazio-prozesua pasa behar du eta hori gertatzen den arte, emaitza guztiak behin behinekoak dira. Hirugarren, benetako kalkuluekin lortutako energia ez da hainbestekoa; izan ere, energia kalkulatzean ez dute kontuan hartu laserrak martxan jartzeko beharrezkoa den energia. Horrekin lotuta, oraingoz ez da ezagutzen laser bidezko fusiotik igortzen den energia hori energia erabilgarri bihurtzeko modurik. Azkenik, fusio nuklearrak ez gaitu aldaketa klimatikoaren ondorioetatik salbu utziko. Kasurik onenean hiru edo lau hamarkadako ikerketak beharko dira fusio nuklearraren bidez energia elektriko komertziala lortzeko, beraz, aurrerapauso horiek berandu iritsiko dira. Epe luzeko irtenbidea eta aurrerapauso zientifiko itzela den arren, epe motzeko irtenbideak energia berriztagarriak eta fisio nuklearra izan daitezke, baina, fusioak ez digu klima krisitik askatuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!