ZIENTZIAREN TALAIA

Zigarro elektronikoak ezbaian

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2022ko urr. 10a, 07:59

Erretzearen ondorio kaltegarriak aski ezagunak dira aspalditik. Arazo kardiobaskularrak, zenbait minbizi eta biriketako arazo, besteak beste, zuzenki lotuta daude erretzearekin. Tabakoaren kasuan mezua argia den arren, zigarro elektronikoen kasuan zalantzak dira nagusi. Zeintzuk dira zigarro elektronikoen kalteak? Osasungarriagoak al dira ohiko zigarroak baino? Zatoz, irakurle eta eman diezaiogun hasiera Zientziaren Talaiaren ikasturte honetako denboraldiari.

Azken hamarkadan zigarro elektronikoek gorakada handia izan dute eta, egun ere, moda-kontu nabarmena dira. Zigarro elektronikoak nahiko azkar zabaldu ziren; izan ere, tabakoaren alternatiba osasungarria dela dirudite. Bapeatzea delakoaren bitartez, badirudi kearen ordez lurruna arnasten ari garela eta, itxuraz behintzat, lurruna hobea da kea baino. Hala ere, hori ez da guztiz horrela. Azter dezagun, lehenik eta behin, zer diren tresna horiek. Zigarro elektronikoak likido lodi bat duten kartutxoekin betetzen dira. Sentsore edo sakagailu baten bidez martxan jartzean, lainoztagailu bat aktibatzen da, likidoa berotu egiten da eta tanta txikiak lurruntzen dira. Lurrun hori inhalatzeari deritzogu zigarro elektronikoa erretzea. Garrantzitsua da azpimarratzea arnasten den lurrun horretan partikula solido eta likidoak ere badaudela eta, beraz, lurruna baino izen egokiagoa aerosola da.

 

Ohiko zigarroak elektronikoak baino kaltegarriagoak diren arren, zigarro elektronikoak ez dira kalterik gabekoak



Ohiko zigarroen kasuan, tabakoaren konbustiotik datorren kea arnasten da eta zigarro elektronikoen kasuan, aldiz, lurrundutako aerosola da arnasten dena. Aerosola ez da lurrun soila; izan ere, esan dugun bezala, aerosoletan suspentsioan dauden mikropartikula solido eta likidoak ere badaude. Zeintzuk dira, baina, zigarro elektronikoen kasuan suspentsioan dauden partikula horiek? Hain zuzen ere, zigarro elektronikoetan jartzen diren kartutxoak propilenglikola eta glizerola dute (hezegarri gisa) eta bertan daude disolbatuta nikotina (ez kasu guztietan), zaporea eta usaina emateko substantziak eta beste zenbait gehigarri. Zigarro elektroniko guztiek nikotina ez duten arren, jakin badakigu nikotina duten zigarro elektronikoak tabakoa erretzeko hasiera goiztiarrarekin lotu direla. Hain zuzen ere, substantzia psikoaktibo batek ez du efektu bera eragiten hartzeko bidearen arabera (jatea, edatea, esnifatzea, erre eta inhalatzea, injektatzea eta abar). Nikotinaren kasuan, arnastea kaltegarriagoa da erretzea baino. Egia da tabakoa erretzean sortzen diren beste substantzia toxikoak ez daudela zigarro elektronikoetan (mundruna, kasu), baina, nikotinaren kalteak antzekoak edo handiagoak dira.

Eta, zer gertatzen da nikotinarik gabeko zigarro elektronikoekin? Bada, aurrez aipatu bezala, zigarro elektronikoen lurrunean hezegarriak eta aromatizatzaileak daude. Badakigu horietako batzuk ez direla, oro har, kaltegarriak osasunarentzat (esaterako, propilenglikola, glizerola eta diazetiloa). Alabaina, hauxe da gakoa: substantzia horiek ez dira kaltegarriak elikaduraren bitartez hartzen ditugunean, baina, ez dakigu zein ondorio eragin ditzaketen 500 gradu zentigradura berotu eta lurruntzen direnean. Oro har, digestio-aparatua gai da substantzia gehiago modu egokian digeritzeko, baina, birikak sentikorragoak dira. Substantzia horiek lurruntzean minbizi-eragileak diren konposatuak sortzen dira eta arnas aparatuan kalteak eragin ditzakete, esate baterako, bronkiolitis mota batzuk. Erantzun baino galdera gehiago dauden arren, adituek nahiko argi dute: ohiko zigarroak elektronikoak baino kaltegarriagoak diren arren, zigarro elektronikoak ez dira, inondik inora ere, kalterik gabekoak eta erretzeari uzteko terapia aproposa ote diren ere oraindik zalantzan dago. Hala ere, hurrengo urteetako ebidentzia zientifikoak erakutsiko digu zehatz-mehatz zeintzuk diren zigarro elektronikoen epe luzeko kalteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!