Zientzian konfiantza izatea ez da lan erraza. Horretarako zientziaren funtsa zein den argi izan behar dugu eta, jakina, zientziaren egiak aldagarriak direla ulertu behar dugu. Zientzia pixkanaka eraikitzen da, sarritan atzera eginez, baina, horixe da metodo zientifikoaren funtsa. Duela gutxi horren adibide bat aipatzen nuen Zientzia Kaiera blogean. Hain zuzen ere, ikertzaile talde batek egindako akatsari buruzkoa. Talde horrek 2016an zientzia-aldizkari entzutetsu batean argitaratu zituen emaitzen arabera, Centaurus konstelazioan planeta berezi bat zegoen. Bada, beste talde batek frogatu duenaren arabera, planeta horren aurkikuntza akats baten emaitza izan zen eta, izatez, planeta hori ez da existitzen. Esandakoa adibide bat besterik ez da, baina, ondo adierazten du zientziaren pausoak zeintzuk diren. Zientzia pixkanaka eraikitzen da eta ebidentzia zientifikoak berraztertu egin behar dira. Aipatutako planeta sei urtez existitu zen, ilusio bat besterik ez dela frogatu den arte. Horrelakoak ohikoak dira ikerketa munduan, izan ere, edozein aurkikuntza ikerketa ugarik berretsi behar dute. Modu horretan, pixkanaka ezagutza ziurrago batzuk sortzen dira eta beste batzuk baztertu egiten dira ezin badira berretsi. Zientziarekiko konfiantzak prozesu horretan sinistea dakar.
Hala eta guztiz ere, egunotan nonahi topa ditzakegu edozein gaitan adituak direnak, baita gai guztietan adituak direnak ere. Sare sozialetan eta antzeko lekuetan sortzen den bonbardaketan, sarritan zaila da informazioa eta desinformazioa bereiztea. Horrek guztiak uneren batean zalantzak sortzen ditu eta agintariak noren esku dauden edo noren esku egon beharko liratekeen pentsatzera eraman gaitzake. Horrekin lotuta, Pew Research Center erakundeak 2019-2020 urteetan egindako nazioarteko inkesta baten arabera, aztertutako populazioaren %36ak konfiantza handia du zientzialariengan egin beharrekoa ondo egiteko (horrelaxe galdetzen zuten inkestan). Herrialdeen arabera desberdintasunak oso handiak dira: Indian %59ra igotzen da aipatutako ehunekoa, baina, Hego Korean %14koa besterik ez da konfiantza hori. Espainian ehunekoa nahiko altua da, %48koa hain zuzen ere (konfiantza handia edo ertaina dutenak %82).
«Espainiari dagokionez, %44 eta %54 dira ehunekoak. Kasu guztietan, gainera, ideologia eskuindarrekoak dira zientzian konfiantza gutxiago dutenak»
Bada beste fenomeno berezi bat, 2020an Felix Richter datu-kazetariak aztertu zuena eta Zientziaren Talaian aipatu nahi dizuedana. Zenbait herrialdetan, pentsaera politikoaren arabera asko aldatzen da zientziarekiko konfiantza. Beste herrialde batzuetan, aldiz, ez da aldatzen. Aurreko galdera bera (alegia, zientzialariekiko konfiantza-maila) ideologia politikoaren arabera aztertzen denean, Frantzian, adibidez, ez da desberdintasunik bereizten. Ezkertiarrek zein eskuindarrek %35 inguruko konfiantzan dutela diote. Alabaina, AEBetan, ezkertiarren %62k eta eskuindarren %20k dute konfiantza zientziak dioen horretan. Kanadan eta Erresuma Batuan ere desberdintasuna oso nabarmena da. Espainiari dagokionez, %44 eta %54 dira ehunekoak. Kasu guztietan, gainera, ideologia eskuindarrekoak dira zientzian konfiantza gutxiago dutenak. Momentuz datu estatistikoak besterik ez dira hemen aurkezten direnak, baina, joera arriskutsuen aurrean gaudela dirudi egia-ostearen garaietan.