ZIENTZIAREN TALAIA

Optogenetika: erronkak eta arriskuak

Erabiltzailearen aurpegia

Birusez testuak bata bestearen atzetik idazten diren garai hauetan, birusek ekarri dizkiguten onura batzuk aipatzea ere ez da txarra. Azken batean, birusek gure bizitza hobetzeko baliagarriak diren hainbat tresna eskaintzen dizkigute. Hain zuzen ere, terapia genikoa birusei esker egin dezakegun terapia da, orain arte diagnosia egiteko erabili izan dena. Oro har, gaixotasun genetikoak garatzeko arriskua dagoen ala ez jakiteko erabiltzen da. Orain, ordea, lehendabiziko aldiz terapia genikoari esker itsu batek ikusteko gaitasuna berreskuratu du, neurri mugatu batean bada ere.

Nature Medicine aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten arabera, 40 urtez itsu egon den gizon batek ikusmena berreskuratu du. Horretarako terapia geniko mota bat erabili dute, optogenetika delakoa hain zuzen. Ikerketako gizonak erretinosi pigmentarioa zuen, itsutasuna dakarren gaixotasun genetiko neurodegeneratiboa. Gaixotasun honen kausaz argiarekiko sentikorrak diren zelulak galtzen dira pixkanaka, eta azkenean itsu egoten amaitu daiteke. Optogenetikari esker lehen aldiz lortu dute gaixotasun honi irtenbidea ematea. Irtenbidea, izan ere, sendatu egin dutela adieraztea agian gehiegi da. Lortu dutena ikusmena partzialki berreskuratzea izan da, baina, horretarako ezinbestekoa da betaurreko berezi batzuk erabiltzea.

Birusek gure bizitza hobetzeko baliagarriak diren hainbat tresna eskaintzen dizkigute. Hain zuzen ere, terapia genikoa birusei esker egin dezakegu.


Betaurreko estimulatzaile horiei esker objektuak hautemateko gai da pazientea, baina, betaurreko horiek gabe itsu egoten jarraitzen du. Hala ere, emandako aurrerapausoa oso handia da. Kasu honetan, optogenetikaren bitartez, pazientearen begiko zeluletan gene bat txertatzea lortu dute adenobirus bat erabiliz. Birus horri lehendabizi alga baten genea txertatu diote, algari argiarekiko sentikortasuna ematen diona. Jarraian, aipatutako birusa bektore gisa erabilita genea pazienteari txertatzean, pazientea gai izan da hasiera batean ez zituen proteinak ekoizteko, argiarekiko sentikorrak direnak. Betaurreko estimulatzaileek inguruko argiaren intentsitate aldaketak detektatzen dituzte eta pazientearen erretinara argia proiektatzen dute. Modu horretan pazientearen erretinan argiarekiko sentikorrak diren proteinak daudenez, paziente itsuak aurrean dituen objektuak identifikatzeko, zenbatzeko eta kokatzeko gaitasuna du. Optogenetikaren bidez, zelula zehatz batzuk genetikoki eraldatu daitezke eta horrela posible da zelula horiek argiaren bitartez aktibatzea edo desaktibatzea.

'Nature Medicine' aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten arabera, 40 urtez itsu egon den gizon batek ikusmena berreskuratu du


Badirudi optogenetikak etorkizunean hainbat aukera irekiko dituela, esaterako, neuronen funtzioa berreskuratzeko aukera edo funtzionatzen ez duten prozesu biologikoak berriro ere martxan jartzeko aukera. Garunean txertatutako gailuen bitartez eta horiek argiarekin kitzikatuz, txori bati abesti baten zatiak irakastea lortu dute, adibidez. Garuneko zonaldeak artifizialki aktibatzeko erabili daiteke optogenetika eta bi saguri bikote lotura artifizialki sortzea ere lortu dute, nolabaiteko oroimen faltsuak txertatuz. Saguetako batek aspaldiko harreman sendoa izango balu bezala jokatzen zuen bestearekin. Horiexek izan daitezke optogenetikak ekar ditzakeen arriskuetako batzuk.

Oraindik goiz da tresna hori gizakiotan zein neurritan aplikatu ahal izango den jakiteko, baina, etorkizun oparo zein aitortzen dut arriskutsua ekarri dezake. Etorkizun hori argiago ikusten denean Zientziaren Talaiak hemen jarraituko du, beti bezala, zuei Zientzia kontatzeko. Uda ona izan dezazuela, irakurleok.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!