Martxo amaieran Zientziaren Talaian bertan COVID-19: Benetako datuen beharra artikuluan azaldu nuen bezala, errealitatearen analisia egiteko ikuspegi osoa izan behar dugu. Orduan esandakoak, orain ere zentzua dauka funtsean, baina, gauzak asko aldatu dira martxotik. Oraingo datuen arabera, martxoaren 24 hartan 8.500 positibo berri zenbatu ziren Espainian. Irailaren 11n, aldiz, 12.200 positibo berri zenbatu ziren, baina, egoera askoz larriagoa zen martxoan orain baino. Aldatu diren elementuen artean, azpimarratu behar da orain SARS-CoV-2a hobeto ezagutzen dugula. Medikuntzan eta ikerketan aurrerapauso itzelak eman dira eta oraindik egiteko asko dagoen arren, modu eraginkorragoan egiten zaio aurre COVID-19ari.
Garai zail hauek erakutsi digute zientzian aurkituko dugula irtenbidea eta gure galderen erantzuna edo erantzun batzuk behintzat. Geroz eta gehiago dakigu COVID-19ari buruz, baina, zientziak bere denbora behar du. Duela gutxi entzun genuen AstraZeneca konpainiak koronabirusaren txertoa garatzeko ikerketa bertan behera utzi zuela eta horrek bazter guztiak nahastu zituen. Egun gutxi batzuk beranduago berriro abian jarri zen ikerketa. Horrelako gauzak ohikoak dira ikerketaren munduan, are gehiago gizakiongan erabiliko diren txertoak garatzeko ikerketetan. Normala da txerto baten esperimentazio-fasean arazoak egotea eta horren ondoren txerto batzuk aurrera jarraituko dute eta beste batzuk betiko baztertuko dira. AstraZenecaren kasuan gertatutakoak ez gaitu kezkatu behar, kontrakoa, ikerketaren faseak modu egokian egiten ari direla esan nahi du eta noizbait txertoa lortzen bada berme osoa izango duela ere bai.
Medikuntzan eta ikerketan aurrerapauso itzelak eman dira eta oraindik egiteko asko dagoen arren, modu eraginkorragoan egiten zaio aurre COVID-19ari
Une honetan oso arriskutsua litzateke azkarregi korri egin nahi izateagatik akatsak egitea. Zientziaren garaia da, baina, zientziak bere denbora eta lasaitasuna behar du. Zientzia ez da prentsako lerroburu politak uzteko zalea. Irtenbide miragarriak emateko zalea ere ez. Eman diezaiogun zientziari behar duen denbora eta egon gaitezen lasai bitarte horretan. Bizi dugun egoera zail honek uzten digun lasaitasunean behintzat. Une honetan gure itxaropena ez dago txerto miragarrietan: txertoak lortzea ez da erraza izango, ez da azkarra izango. Horrexegatik, momentuz beste segurtasun eta higiene neurriak mantentzea da garrantzitsuena. Maskara, segurtasun distantzia, eskuak garbitzea, kasu positiboen jarraipena, berrogeialdia... Horiexek izango dira, momentuz, gure txertoak.
Une honetan gure itxaropena ez dago txerto miragarrietan: txertoak lortzea ez da erraza izango, ez da azkarra izango
Momentu askotan zalantzak sortuko dira aipatutako neurri guztiei buruz: Nahikoa al da 1,5 metroko distantzia? Zein da maskararik eraginkorrena? Zenbat eguneko berrogeialdia egin behar da? Guzti horretarako zientziak erantzunak izango ditu, baina, une honetan normala da ikerketa-iturri desberdinek informazio desberdina ematea. Kasu gehienetan faktore askoren araberako erantzunak behar dira eta, bestetik, ikerketa askoren emaitzak osotasunean aztertu arte ez dugu jakingo zehazki zer den orain gertatzen ari dena. Gogorra egingo zaigun arren, une honetan zientziak pazientzia behar du.