Gabonetako oporraldian hiltzearen harira

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2018ko mai. 26a, 10:28

Antza, abendu aldean artikulu txukun samar bat idatzi nuen Zientziaren Talaiarekin batera nire etxea den Zientzia Kaiera blogean. Ekarpen hori egiteagatik zientzia-kazetaritzaren arloan aurtengo CAF-Elhuyar saria merezi izan omen dut. Artikuluan kontatu beharrekoa sinplea bezain bitxia zen: heriotza naturalez hiltzeko urteko sasoirik probableena Gabonetako oporraldia da.

Are gehiago, bihotzeko arazoen ondorioz jende gehien hiltzen den eguna abenduaren 25a da eta bestelako kausa naturalei dagokienez, abenduaren 26a da hiltzeko egunik probableena. Kasualitatea? Kausalitatea? Zein da horren arrazoia?

Kontu hori David P. Phillips eta Robert A. Kloner ikertzaile estatubatuarrek ikertu zuten eta tentuz aztertu zituzten datuak. Phillipsek bihotz-arazoak bakarrik aztertu zituen eta bazekien neguan heriotza-tasa handiagoa zela. Neguan tenperaturak hotzagoak dira eta horrek bihotzeko arazoak areagotzen ditu hemostasiak, basoespasmo koronarioak, odol-presioa mantentzeko zailtasunak, eta abar handitzen direlako. Alabaina, bazen itxuraz zentzurik gabeko kontu bat: heriotza-tasa handiena Gabonetako oporraldian gertatzen zen, eta ez tenperatura minimoen urteko aldian. Nolabait, Gabonetan ez zen betetzen tenperatura hotzen eta heriotza-tasaren arteko lotura. Gainera, nola azaldu urtero justu abenduaren 25a izatea tasarik handieneko eguna?

Bada, hortik tiraz, urte batzuk beranduago Klonerrek ikerketak egiten jarraitu zuen, baina, modu are sakonagoan. Heriotza naturalen kausa guztiak aztertu zituen, 1973tik 2004ra AEBetan gertatutako 53 milioi heriotza aztertu zituen. Ondorio aztoragarri batera iritsi zen: neguaren efektua kendu ondoren, bazen azalpenik gabeko arrazoi bat heriotza-tasa handitzeko: Eguberria bera. Gabonetako oporrekin batera, tenperaturarekin bat ez datorren heriotza-tasaren igoera nabaritzen da eta, bitxiagoa dena, heriotzek bi tontor dituzte Eguberrien barruan: Eguberri-egunean eta Urteberri-egunean, hain zuzen ere. Olentzerok ekarritako bihotzekoaren balizko azalpenak bilatzen hasi ziren ikertzaileak: arnasketa-arazoak, oporraldian gertatzen den kutsadura-maila altuagoa, dieta aldaketa, alkohol kontsumoa, oporraldiarekin lotutako estres emozionala, jaiegunetan jakinarazten ez diren heriotzak, gaixoek egun garrantzitsuetan heriotza atzeratzea, egun bereziek heriotza azkartzea, jaiegunetan gaixoek ez dituztela tratamenduak behar bezala hartzen, edota egun horietan ez dela medikuarengana jotzen ondoeza sentitzen denean. Horiek izan ziren proposatutako hipotesiak. Alabaina, Kloner ikertzailearen taldeak balizko azalpen horiek guztiak baztertzeko esperimentuak diseinatu zituen. Esaterako, Gabonetako estres emozionalaren hipotesia baztertzeko alzheimerra zuten gaixoen datuak aztertu zituzten; izan ere, kasu askotan haiek ez dira kontziente izaten heriotza azkartu dezakeen Eguberriko estres eta nostalgiaz. Prozedura zientifikoen bitartez hipotesi guztiak baztertu ondoren, Eguberria bera ezarri zuten arrisku-faktore gisa. Heriotza-tasaren handitzea ezin zen gai jakin eta bakarrarekin lotu eta, beraz, faktore guztien batura sinergikoa da Gabonetan gehiago edo gehiegi hiltzearen arrazoia.

Datu bitxi horien jatorria eta ikertzaileen azalpenak azalduz, Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea artikulua idatzi nuen zientziakaiera.eus-en, zientzia dibulgatzeko aitzakia polita baitzen. Hiltzeko arrazoi xelebre horren hariari tiraka zientzia kontatzeko eta zientziaz hitz egiteko baliatu nintzen. Zientzia gizarteratzeko eta zientziaren prozedurak azaltzeko. Sarean duzu artikulua, hortxe, klik bateko distantzian, ene irakurle, zuk irakurtzeko zain. Ez dago sari hoberik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!