Paseatzaileak, korrikalariak eta txakurren jabeak igaro ohi dira hemendik. Guztiek dute zerbait komuna: ez dakite pasealeku honen izena. 1945eko Medikuntzako Nobel saria jaso zuenaren izena du, ordea. Tolosarrok eskerrak eman nahi izan genizkion medikuntzaren historiako aurkikuntzarik garrantzitsuena egin zuen gizonari. Fleming pasealekuan aurrera jarraitzen dut, Oria ibaiaren ertzetik eta Larramendi kalearekiko paralelo, Arkaute etxearen atzeko aldean, eta Jie J. Li ikertzailearen hitzak gogora datozkit: «Flemingek penizilina aurkitu izan ez balu, orain pasealekuan dauden lau lagunetik hiru ez ziren bizirik egongo. Penizilinarik gabe, haien gurasoak edo aitona-amonak infekzioren batek jota hilko ziren, ziur asko». Pentsa, bada, aurkikuntzaren garrantzian.
Atzera egin behar dugu: 1979ko ekainaren 15eko udalbatzan, Iñaki Linazasoro alkate zela, Tolosako Udalak herriko zenbait kaleren izenak aldatzea erabaki zuen. Hala, Kultura Batzordeak proposatuta, Tolosan Alexander Flemingen omenezko pasealekua sortu zen. Egun hartan beste izen batzuekin eztabaidak egon baziren ere, Fleming pasealekuaren kasuan ez, eta udalak aho batez hartu zuen erabakia. Ikertzaile baten izena zuen herriko lehen kalea izan zen, eta egun ere bakarra izaten jarraitzen du.
Pasealeku hau ez da Flemingen oroitzapenetan eskualdean dugun gauza bakarra. Asuncion Klinikako gaixoak bisitatzera doazenak eta Uzturrezaleak noizbait ohartuko ziren Klinika aurreko biribilgunean harrizko busto bat dagoela. Aspalditik dago Uzturreko magalean, denboraren poderioz ezezagun bihurtzen. Juan Lope artista tolosarraren eskultura lana da eta, bai, pajaritadun gizon hori Alexander Fleming da.
Nobel saridunaren omenezko zerrendan toki pribilegiatua du Villabonako ikastetxeak. Historia bitxia gordetzen du, gainera. Andres Perez-Balsa Fleming ikastetxeko zuzendari ohiak ondo ezagutzen du: «1964an iritsi nintzen ikastetxera eta izenaren zergatia jakin nahi izan nuen». Urte batzuk lehenago, Villabonako hiru eskola unitarioak bateratu egin zituzten eta ikastetxe berriarentzat izena behar zen. Perez-Balsak azaltzen duenez, «irakasleen eta udalaren arteko bileretako batean, irakasle batek Fleming izena proposatu zuen, eskertza moduan. Antza, gerra ostean hanka bat galtzeko zorian egon zen, baina penizilinari esker, azkenean ez zioten gorputz-adarra moztu behar izan». Geroago, ikastetxearen kokapenagatik, Arratzain izena jartzeko proposamena egon zen, baina, «Fleming mantentzea erabaki zen». Ez alferrik.
Ikertzaile sena
Fleming 1881ean sortu zen Darvel-eko (Eskozia) Lochfield baserrian. Londresko Unibertsitateko St. Mary ospitalean ikasi zuen eta, ondoren, bakterioek eragindako gaixotasunak ikertu zituen. Lehen Mundu Gerrako kanpaina-ospitaletan egon zen lanean, eta garai hartako antiseptikoen arriskuaz konturatu zen. Jaramon handirik egin ez bazioten ere, Flemingek ohartarazi zuen tratamendu antiseptikoek infekzioek baino heriotza gehiago eragiten zituztela armada britainiarrean.
Londresera itzultzean, bakteriologia ikertzen jarraitu zuen eta 1921ean lisozima entzima aurkitu zuen. Lisozima, entzima bakteriolitikoa da eta animaliok infekzioen aurka dugun lehen babes-sistema da. Gizakiok jaiotzatiko dugu lisozima immunitate-sisteman, esaterako, listuan eta malkoetan. Ziur asko, lisozimaren aurkikuntza Flemingen lanik bikainena da zientziaren ikuspuntutik, immunitate-sistema ulertzeko aurrerapauso handia izan baitzen. Nolanahi ere, lisozima ez da gai gaixotasun larriak eragiten dituzten bakterioak suntsitzeko eta, hortaz, medikuntzaren arloan ez dauka erabilpen handirik. Fleming ez zen nabarmendu lisozima aurkitzeagatik.
Txiripaz, medikuntzaren mugarria
Oporraldi bati eta ustekabeko gertaeren kate bati esker, Flemingek medikuntzaren historiako aurkikuntzarik garrantzitsuena egin zuen. 1928ko abuztuan ikertzaileak bi asteko atsedenaldia hartu zuenean gertatu zen. Bakterio kultibo batzuk estali gabe utzi zituen mahai gainean, ahaztuta akaso, eta laborategiko leihoak irekita utzi zituen. Eskerrak. Oporretatik itzultzean, FlemingekStaphylococcus aureus bakterioa zuen kultiboari erreparatu zion. Kultiboan lizun berde bat hazi zen eta, lizun horren inguruan, ikergai ziren bakterioak hilda zeuden. Geroago jakin zuenez, lizun berdeaPenicillium notatum onddoa zen, usteltzen hasia den ogian eta frutan agertzen den geruza berdexka hori, hain zuzen. Beheko solairuko laborategian onddo hori ikertzen ari ziren eta haizeak Flemingen laborategiko leihotik bere kultiboetaraino garraiatu zuen.
Ikertzaile zorrotz batek, ziur aski, zaborretara botako zuen lizunak hondatutako esperimentua. Flemingek, aldiz, bere senak bultzatuta, gertakizun bitxi hura gehiago aztertu zuen. Onddoa hazi zuen eta estraktu bat isolatzea lortu zuen: penizilina izena jarri zion. Penizilinak bakterioak suntsitzeko gaitasun izugarria zuela ikusi zuen eta animalia-zelulentzat toxikotasun baxua zuela ere bai. Nolanahi ere, Flemingek ez zuen lortu penizilina purifikatzea eta ez zuen egin animali babeserako test erabakigarria. Antza, ez zen jabetu bere ikerketaren garrantzia izugarriaz. 1929an penizilinari buruzko ikerketa-artikulu bat idatzi zuen zientzia-komunitateari bere ikerketen ondorioen berri emateko eta, horrela, Flemingek penizilinarekin lanean ez jarraitzea erabaki zuen. Lisozimaren antzeko zerbait aurkitu zuela pentsatu zuen; hura baino eraginkorragoa, bai, baina interes terapeutikorik gabekoa. Hortaz, medikuntzaren historiako antibiotikorik arrakastatsuena izango zena ezkutuan geratu zen hamarkada batez.
Bien bitartean, 1932an Gerhard Domagk bakteriologo alemaniarrak sulfanilamidan oinarritzen den prontosil antibiotikoa aurkitu zuen eta, geroago, Bigarren Mundu Gerrako soldadu asko sendatu ziren sulfanilamidei esker. Sulfanilamida zuten antibiotikoek arrakasta izan bazuten ere, espektro mugatukoak ziren eta ez ziren oso eraginkorrak. Sendagai eraginkorrago bat behar-beharrezkoa zen.
Oxfordeko taldeak proiektua berpiztu
1938an historiak norabidea aldatu zuen. Howard Florey eta Ernst Chain Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek Flemingen lanak irakurri zituzten eta penizilinaren proiektua berpiztu zuten. Lehen probak egin zituzten eta, horiek bai, penizilina isolatzea eta purifikatzea lortu zuten. 1940an, animalia babeserako testa egin zuten, Flemingek egin ez zuena. Zortzi sagu bakterioekin infektatu zituzten; eta erdiei penizilina eman zieten. Penizilina jaso ez zutenak hil egin ziren eta besteak, aldiz, ez.
1941ean, duela 75 urte, gizakietan lehen proba egin zuten. Albert Alexander Erresuma Batuko polizia etxeko lorezaintza lanetan ari zela, arrosa baten arantzekin zauritu egin zen. Infekzio larria harrapatu zuen eta estreptokoko bakterioak gorputz guztira zabaldu zitzaizkion. Oxfordeko taldeko kideek laborategiko penizilina injektatu zioten eta, egun gutxi batzutan, gizonak hobera egin zuen. Tamalez, penizilina erreserba txikia zuten eta gaixoaren gernutik penizilina berreskuratzeko ahaleginak egin bazituzten ere, azkenean Albert Alexander hil egin zen. Nolanahi ere, penizilina oso eraginkorra zela frogatzeko balio izan zuen saiakerak.
Garai hartan britainiarrak Bigarren Mundu Gerraren urterik latzenak sufritzen ari ziren eta Oxfordekoek nekez jarrai zezaketen penizilinaren inguruko ikerketekin. Helburua antibiotikoa eskala handian ekoiztea zen eta, horretarako, Florey konturatu zen Estatu Batuetara joan beharko zela. 1941ean bertan, Floreyk penicillium onddoaren esporak eraman zituen Ameriketako Estatu Batuetara eta estatubatuarrek berehala ikusi zuten penizilinak Bigarren Mundu Gerraren garapenerako garrantzia izugarria izan zezakeela.
Antibiotiko bat gerra irabazteko
AEBetan gaixoak sendatzeko saiakera arrakastatsuak egin zituzten. Proba-fasean, penizilina antibiotiko miragarria zela ikusi zuten. Gerra Ekoizpenerako Batzordea (WPB) industria farmazeutikoaren harremanetan jarri zen eta hiru konpainia aukeratu zituen (Merck, Squibb eta Pfizer) eskala handiko ekoizpenerako bideak iker zitzaten. Pfizerrek aurkitu zuen biderik arrakastatsuena, eta 1944rako penizilina kantitate handiak ekoizteko gai izan ziren onddoen hartzidura andel-ontzi handietan eginez.
WPBk penizilinaren ekoizpenari lehentasuna eman zion eta Normandiako lehorreratze egunerako penizilina kantitate handiak prest izatea lortu zuten. Penizilinari esker, Bigarren Mundu Gerrako soldadu asko etxera (edo berriro ere gerra-tokietara) itzuli ahal izan ziren. Alemaniarrek Domagken sulfanilamidak erabiltzen zituztenez, mantsoago sendatzen ziren (edo ez ziren sendatzen). Gerraren garapenerako, bonba atomikoa lortzeko proiektua baino garrantzitsuagoa izan zen penizilinaren aurkikuntza, ziur asko.
Hasiera batean erabilpen militarrak lehentasun osoa izan bazuen ere, pixkanaka penizilina biztanleria guztira iritsi zen. 1945erako, AEBetan penizilina edonork eskura zezakeen, eta urtebete geroago Erresuma Batuan merkaturatu zen. Penizilina medikuntzaren arloan iraultza izugarria izan zen: ordura arteko sendagaiak ez bezala, bakterioen aurka oso eraginkorra zen eta beste zelulentzat ez zen batere toxikoa. Bat-batean, ordura arte hilgarriak ziren hainbat infekzio sendatzeko modua zegoen.
Argi-itzalak
Azaldu den bezala, paradoxikoki, Flemingek bere aurkikuntzan interesa galdu zuen eta Oxfordeko taldeak berpiztu behar izan zuen proiektua. Flemingek ez zuen lortu penizilina purifikatzea eta, ziur aski, 1929an ez zen konturatu penizilinak garrantzi izugarria izango zuela. Penizilinaren indar antibiotikoa agerian gelditu zenean, aldiz, prentsak Flemingengana jo zuen eta aitorpen handia jaso zuen. Floreyk, aldiz, prentsatik ihes egiten zuen eta horrek, ziur aski, kalte handia egin zien Oxfordekoei. Floreyk ez zien jaramonik egin kazetariei eta taldeko beste kideei ere elkarrizketak egitea debekatu zien (Florey taldeko nagusia zen). Fleming nazio-heroi bihurtu zen eta, bitartean, Oxfordeko taldearen ekarpenak ez ziren kontuan hartu. Flemingen eta Oxfordeko ikertzaileen arteko lehia handia ekarri zuen horrek. Hori gutxi balitz, Florey eta Chain taldekideen artean ere liskarrak egon ziren penizilinaren patentea zela eta. Chain penizilina patentatzearen alde zegoen eta Florey, aldiz, ez. Ironikoki, azkenean estatubatuarrek patentatu zuten penizilina ekoizteko prozesua eta Chain zeharo minduta geratu zen. Chainek, gainera, Oxfordeko taldearen aitorpen faltaren errua Floreyri leporatu zion. 1945ean, ordea, Nobel sariak ematen dituen batzordeak justizia egin zuen: Medikuntzako Nobela hirurek jaso zuten, Flemingek, Floreyk eta Chainek.
Flemingen aurkikuntza medikuntzaren arloan iraultza izugarria izan zen; baina, zientziaren pausoak ez dira zientzialari bakar batenak. Nolanahi ere, Flemingek emandako aurrerapausoa gertatu izan ez balitz, ziur aski, penizilinaren aurkikuntza asko atzeratuko zen eta horrek heriotza asko eragingo zituen. Fleming 1955ean zendu zen eta 1979an Tolosako pasealeku bati haren izena jarri zioten. Eskultura bat ere egin zuten eta Villabonako ikastetxeari Fleming izena jarri zioten. Gogoan izan dezagun Flemingek gizateriari egindako ekarpena, eta baita ere Oxfordeko taldeko Florey, Chain eta beste zenbait ikertzailek egindakoa. Guzti horiei esker lortu zen medikuntza goitik behera aldatzea. Ziur aski, horregatik gaude hemen.
Emandako informazioagatik, esker onak Tolosako Udal Artxiboari, Villabonako Fleming ikastetxeari eta Andres Perez-Balsa zuzendari ohiari.