1936ko estatu kolpearen ondorengo gerran ere emakumeek pairatu behar izan zuten egoera tamalgarririk frontean eta frontetik kanpo. Aurreko artikuluan Amarozko nire aitona-amonen inguruko fronteko aipamenak egin nituen, eta, gaurkoan, emakumezkoen ibilerak aipatuko dizkizuet.
Gure amona Juanitak senarra Inaxio Amaiur batailoian zuen gudari eta bi anai, German eta Joxe, Lenago il izeneko batailoian. Nahikoa arrazoi, jakina, kaskoa motx-motx egiteko zerrendan lehena izateko; izan ere, horixe zen gudarien familiartekoei egiten zizkieten jukutrietako bat, ilea motx-motx egin eta kalean pasearazi denon eskarmentu eta burla izan zitezen. Zortea zutenei horixe bakarrik egiten zieten, zortea ez zutenei, berriz, ilea mozteaz gain, errizino olioa ematen zieten libratzeko kontrola galdu eta kalean kaka izterretatik behera zutela pasearazteko. Sinesgaitza? Ados, baina egia galanta. Hori Tolosan ere egin zuten. Beldurra hezurretaraino sartzea ere bazuen helburu txerrikeria hark. Azainaren arduradunak 1977an demokrata esnatu genituen eta horrelako ezer ez zen epaitua izan, are gutxiago, jakinarazia, pittin bat lotsatzeko gutxienez karlista-falangista-errekete eta frankista malapartatuak.
Argazki hunkigarria badugu gure amona eta gure aitarena Santoñako hondartzan aitona Inaxiorengana Duesoko kartzelara bisitan joandakoan ateratakoa. Dueso, zein urruti 1937an bi urteko haurra hartuta hurbiltzeko!
Amarozko emakumeek «zortea» izan zuten lanari dagokionez; izan ere, Amarozko paper-fabrikan emakumezkoak behar zituzten lanerako eta Amarozko emakume pila aritu zen bertan lanean eta eskerrak, senarrak frontean, kartzelan, langile-batailoietan… eta diru-sarrerarik gabe, gorriak!
«Gerrak ere baditu mendekuak zuzenean parte hartu ez dutenengan ere. Familia abertzalea: egurra eta bazterketa emakumeentzat ere»
Gure amona eta bere koinata Eugeni bertan aritu ziren lanean, amonak besterik ez zuelako eta beharra galanta, baina izeba Eugeni maistra zen ogibidez eta halabeharrez aritu zen paper-fabrikan, maistra izaten ez baitzioten uzten; izan ere, hiru koinatu batailoietan zituen gajoak, gure aitona eta senar Jabierren bi anai, aurreko artikuluan aski aipatuak, German eta Joxe. Maistra izateko titulua bai baina kredentzial kaskarrak, ordea, garai ilun haietarako. Paper-fabrikan amaitu zuen bere ibilbide profesionala eta enkargatu izan zen izeba Eugeni azkeneko urteetan. Maistra izaera zuen, ordea, eta ez zioten opa izan oso gustuko lanbidea bazuen ere. Gerrak ere baditu mendekuak zuzenean parte hartu ez dutenengan ere. Familia abertzalea: egurra eta bazterketa emakumeentzat ere, kaskoa moztu eta kaka dariola kalean ibilarazteaz gain. Liburuaren izenburuaren kontrara, gerrak badu emakume aurpegirik.