Amaiur eta Lenago il batailoiak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2022ko urr. 16a, 07:59

Amaiur bataloia. WIKIPEDIA

Gure aitona Inaxio Azaldegi Telleria amaroztarra Amaiur batailoiko gudaria izan zen. EAJko ordezkariek Santoñako hitzarmena sinatu ostean harrapatu zituzten italiarrek, Lenago il batailoikoak bezala. Gure amona Juanitaren bi anaia, German eta Joxe Goenaga Aiestaran, ziren aipatu azken batailoikoak. Santoñako Dueso kartzelan izan zituzten preso. Gauetan ziegetatik gudariak eramaten zituzten eta ez ziren gehiago inora itzultzen, fusilamendu demokratikoa, alegia. 

Gure amonak sakabanaketa garai hartan probatu zuen, gure aita Migel 2 urtekoa hartuta senarra Inaxio bisitatzera Duesora joan behar izaten zuenean. Santoña 1937an urruti zegoen benetan eta sakabanaketa garai hartan hasi bazen ere, ez da oraindik amaitu. Zortea izan zuen aitonak, laster baitzen Amarotzen eta segidan hasi zen Villanueva garraio-enpresan lanean.

Gure attona Inaxiok halaxe esaten zidan bere bi koinatuen batailoiaz: «Oraingo HBkoak bezalakoak hituan, beti lehenengo lerroan eta beti gogor». Gogotik ordaindu zuten ausardia, bi anaiek 7na urte egin baitzituzten langile-batailoietan esklabo errepideak egiten. Kapitaina Tximela zuten, Joseba Tapiak bere bertsoen letrekin disko bikaina atera zuen duela urte batzuk.

Urola Kostako Hitzan Joseba Tapiak honela erantzun zion «Zeintzuk dira kapitainaren izarrak?» galderari: «Kapitain bezala hiru izar zeuzkan, baina gerran irabazitako horiei beste izar batzuk erantsiko nizkioke nik Tximelari: espetxean ere borrokan jarraitzea tropa animatzen eta morala jasotzen; epaileen aurrean ez makurtzea; fusilamenduaren beldur izanik bere idealetan tinko jarraitzea; bertsoak idaztea, guk gerora jakiteko zer izan zen gure historiaren zati hori; idazte horretan molde libreak saiatzea... Meritu asko ditu Tximelak. Gainera, askatu zutenean erresistentzian jarraitu zuen, eta bigarrenez espetxeratu zuten».

Osaba Joxek ere bazuen kargua, baina gure aita zenak esanda dakit, osaba Germanek asko agintzen zuela kargurik izan gabe ere, anaia Joxeri eta Tximelari behin baino gehiagotan ematen zizkiela egin beharrekoen inguruko ideiak. Zazpina urte zigorpean pasa ondoren osaba Joxe Amarozko paper-fabrikan hasi zen lanean eta osaba German tailer batean. Kontua da German isunez josten zutela frankistek, eta soldata, isunak pagatzeko behar zuela oso-osorik. Hori dela kausa alde egin behar izan zuen Tolosatik eta Nafarroa Beherean aldi batean izan ondoren Bordele inguruko herri txiki batean eman zuen bizitza, hil arte. 7 urte langile-batailoietan eta ondoren isunak abertzalea izate hutsagatik, alde egin behar izateraino. Inork ez digu esan bidegabea izan zenik esklabo 7 urtez izatea, ezta isunak jartzea ere herritik bidali arte. Inork ez du egun bat kartzelan pasa horregatik, inork ez du epaiketa txar bat izan. Alde ederra ETAkoei egiten dietenarekin alderatuz gero, ezta?

Tximela kapitainaren bertso batekin, Gorbeia mendia nork hartu zuen kontatzen duena, bukatu nahiko nuke gaurko gure familiaren historiatxoa:

Gezurtik dira, naiz anai izan;
emen nere erantzuna:
Lenago il-ko gudarik giñan
gurutze artu genduna.
Euskadik jakin dezala ongi,
au da erabakizuna:
Joxe Goenaga izandu zala
ikurriña jarri zuna.

Izan zinetelako GARA. Eskerrik asko. Baldin bagara izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!