PSIKOPEDAGOGIA

Motxila alde batera... baina jakin-mina ez!

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2026ko uztailaren 13a

Uda iristearekin batera, familia asko oporrak antolatzen hasten dira. Ikasturtea amaitu da, errutinak alde batera utzi ditugu eta atseden hartzeko garaia heldu da. Hala ere, oporrak ez dira atseden hutsa: haur eta gazteentzat ikasteko, harremanak sendotzeko eta esperientzia berriak bizitzeko aukera paregabea ere badira.

Ohikoa da eskola amaitzean motxila irailera arte bazterrean uztea. Gurasoak ere nekatuta iristen dira ikasturte amaierara, eta atseden hori beharrezkoa da. Dena den, komeni da udan ere ohitura batzuk mantentzea, betiere presiorik gabe eta modu atseginean.

Irakurketa da horretarako aliaturik onenetako bat. Ez da beharrezkoa lan akademiko handirik egitea; nahikoa da irakurtzeko zaletasuna bizirik mantentzea. Horretarako, garrantzitsua da irakurlearen adinera eta mailara egokitutako liburuak aukeratzea. Irakurtzen hasiberria den edo irakurtzeko trebetasuna sendotzen ari den haurrarentzat, testu laburrak eta irudiz lagundutako liburuak aproposak dira, motibazioa gal ez dezan. Manga, komikiak edo nobela grafikoak ere aukera bikainak dira, bereziki irakurzaletasuna pizteko edo sendotzeko.

Era berean, aberasgarria da hizkuntza batean baino gehiagotan irakurtzea. Euskaraz nahiz gaztelaniaz irakurtzeak hiztegia zabaltzen laguntzen du, ortografia indartzen du eta, aldi berean, ulermena eta irudimena garatzen ditu.

Bestalde, familian partekatutako irakurketa uneek balio handia dute. Elkarrekin irakurtzeko edo irakurritakoari buruz hitz egiteko tarteak sortzeak irakurketa atsedenarekin, lasaitasunarekin eta goxotasunarekin lotzen laguntzen die haurrei.

 

«Uda deskonektatzen eta gozatzen jarraitzeko garaia da»

Irakurketaz gain, aisialdiaz gozatzea eta harreman sozialak zaintzea ere ezinbestekoa da. Ikasle batzuek oporretan ia ez dute ikaskideekin harremanik izaten, eta horrek eragina izan dezake irailean berriro elkartzen direnean. Horregatik, komeni da haur edo gazte bakoitzaren beharretara egokitutako topaguneak bilatzea: udalekuak, parkeak, kirol jarduerak, igerilekua edo lagunekin antolatutako planak aukera egokiak izan daitezke.

Nerabe eta gazteentzat, gainera, uda esperientzia berriak bizitzeko garaia ere bada. Boluntario-lanak egitea, auzolandegietan parte hartzea edo atzerrian hizkuntzak ikasteko egonaldiak egitea aukera aberasgarriak dira. Horrelako esperientziek autonomia, erantzukizuna eta harreman sozial berriak garatzen laguntzen dituzte, eta etorkizunerako ikaskuntza baliotsuak eskaintzen dituzte.

Azken batean, uda ez da ikasturtearen jarraipena izan behar, baina bai hazten, deskonektatzen eta gozatzen jarraitzeko garaia. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!