Pasahitza (zaharra)

Atseden hartzeko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2022ko ekainaren 23a

Zenbait gurasoentzat eskola amaitzea lasaitasun bat da, batez ere ikasketetan zailtasunak baldin badituzte. Familia hauek, urte guztian zehar tentsio momentu asko bizitzen dituzte: seme edo alabaren motibazioa galtzea, mezu ezkorrak eskolatik jasotzea, emaitza txarrak lortzea… Lan asko egiten dute baina lanak inoiz ez du fruiturik ematen.

Beraz, udara momentu ona da lasaitu eta hurrengo urtera begira indarrak hartzeko. Hasieran, inertzia dela eta, buruak edota pentsamenduek eskolako kezkak bueltaka ibiliko ditu baina denborak aurrera egin ahala, bai gorputza eta baita burua ere lasaitzen joango dira. Uda momentu aproposa da beraz, lasaitasuna lagun, seme edo alabarekin erlazioa hobetzeko, eskolako tentsiorik ez dagoelako.

Etapa honetan, etxean ordutegi antolamendua edukitzea garrantzitsua da, eta baita lan pixka bat egitea ere. Kurtsoaren hausnarketa orokor bat egitea garrantzitsua da eta bertan bizi izan diren momentu onak eta ez hain onak gogoratzea. Beti, begirada baikorra sustatzen saiatu behar gara, batez ere, seme edo alabarengan kontzientzia hori piztuz. Kontutan eduki beharra dugu gure seme-alabak duen adina eta noski, etapa bakoitzak dauzkan ezaugarriak. Modu profesionalean, udarak esku-hartze psikopedagogikoak lasaitasunetik burutzeko aukera ematen du, sasoi egokia izanik familiarekin lan egiteko, lasaitasunetik portaera hobetzeko edota ikasketa prozesua hobetzeko.

Ondorioz, arnasa sakon hartuko dugu, deskantsatu egingo dugu eta familiarekin igarotako denboraz gozatu egingo dugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!