Espero al zenuen txapelketa irabaztea?
Beno, irabaztea pentsatu ez, baina ideia horrekin joan ginen; etxean lanak ondo eginda geunden, eta esperantza bagenuen. Besteen berri ez jakin arren, bagenekien aurrez zer lan egin genuen erakusten bagenuen gaizki ez ginela ibiliko.
Ia minutu bateko aldea atera zenieten bigarrenei. Alde pixka bat bada, ezta?
Alde pixka bat bada, bai, baina minutu bat irabazteko edo galtzeko gauza gutxi behar izaten da plazan, eta bukaerara arte tentsio handia egon zen. Aizkorako lanak amaitzean oso berdintsu gindoazen; txingetan pasatu egin genituen aurkariak eta korrika azkarxeago ibili ginen, baina justu ziren gauzak.
Pozik egongo zarete irabazi zenutelako.
Bai, bai. Aurreneko plazaratzea zuen mutil batekin joan nintzen Tolosara, eta ilusio handia neukan. Kirol asko egindako mutila da Andoni; El conquistador del fin del mundo irabazi zuen eta beste arlo batzuetan ere ibili da. Herri kiroletan haren familia oso ezaguna da, baina bera lehen aldiz atera zen plazara, eta gaitasuna daukala erakutsi zuen. Entrenamendu dezente eginda geunden elkarrekin, eta ilusio handia egin zidan txapela irabazteak.
Aurrez ezagutzen al zineten elkar?
Bai, bai. Izetatarrekin harreman handia daukat, eta Andoni ere ezagutzen nuen, baina ez herri kirol munduari dagokionez, jatetxean eta sagardotegian ikusita baizik.
Ondo moldatu al zarete pentatloia egiteko?
Bai, oso ondo moldatu gara. Hasiberriek aizkoran izaten dituzte gorabehera handienak, ofizioko lana delako, eta aizkora eskuan inoiz hartu gabe zegoen Andoni. Zalantza asko zuen jendeak, baina asko saiatu da, eta azkenean, maila polita izatera iritsi da. Oraindik, normala den bezala, asko dauka aizkoran hobetzeko, baina gaitasuna badauka.
Zertan moldatu zineten ondoen? Eta zer kostatu zitzaizuen gehien?
Pentatloian bost lan egin behar izaten dira, eta bost lanetan erregularrena izaten denak irabazten du. Nik harri jasotzen baliogabeko altxaldi bat egin nuen, eta segundo batzuk joan zitzaizkigun. Giza probarako, berriz, Azpeitiko zezen plaza baino gogorxeagoa da Tolosakoa. Aizkoran, agian, beste egun batzuetan hobetoxeago aritu izan naiz neu. Txingekin eta korrika uste dut oso ondo jardun genuela. Bukaera ona eman genuen, eta hortxe irabazi genuen.
Ahalik eta bikote parekatuenak egiten saiatu ziren antolatzaileak. Asmatu al zuten horretan?
Bai. Normala da aurreneko bikotetik azkenekora alde handia sortzea lan horiek egiterakoan, baina lehen hiru bikoteek batera samar amaitu genituen lanak, eta uste dut bikoteak ahalik eta parekatuenak izan zirela.
Jarraitu irakurtzen: hemen