Maria Cruickshank aktoreak Simpol bakarrizketa taularatzen ari da. Ostiralean Berrobiko Kulturaldian eskainiko du 19:00etan Etxolan. Guka komunikabideak elkarrizketatu egin du.
Aktorea zara ofizioz. Noiz eta nola eman zenuen bakarrizketak egiteko pausoa?
Aurreko urteko Gabonetan egin nuen salto hori. Ama izan nintzen; hiru seme-alaba ditut, eta antzezpenaren mundutik aldenduta egon nintzen tarte batean, amatasunean eta hezkuntzan murgilduta. Gizarte honetan behartzen gaituzte segituan lan mundura bueltatzera, baina emakume eta ama gisa nituen beharrak ase ahal izateko, beste bide batzuk hartu nituen: batetik, artisautza egiten hasi nintzen, artisautza feminista; bulbari lotutako gauza asko egiten ditut, buztinezko bulbak edo koadroak, adibidez. Bestetik, bakarrizketekin hasi nintzen. Betidanik egin nahi izan ditut, eta ez dakit amatasunak ausardia ekarri didan edo zer, baina aurrera egitea lortu nuen. Aurretik bakarrizketa txikiak egina nintzen, bost-hamar minutukoak, baina ordubeteko saiorik ez. Zenbait gauza kontatzeko gogoa nuen, emakumeak gizartean duen lekuaz aritu nahi nuen, nik neuk emakume, ama, euskaldun eta beltz gisa dudan lekuaz. Gogoa nuen, funtsean, filtrorik gabeko zerbait sortzeko.
Jarraitu irakurtzen Guka.eus webgunean.