Gaztelaniazkoa hobea

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Maiz Etxarri 2025ko mar. 22a, 07:57

Tolosako tren estazio aurrean egin dute elkarretaratzea EHE-k deituta. J.A.D.

Era batera edo bestera ia mundu guztiak egin behar izan du edo egin beharko du bere Curriculum Vitaea. Lanpostu batera aurkeztu nahi baduzu eskatuko dizute. Eta galdera da. Zein hizkuntzatan egingo zenuke? Edo egin beharko zenuke?

Urte batzuk badira atentzioa deitu zidala gaiak. Nola bidaliko duzu lanpostu batera curriculuma gaztelaniaz bakarrik idatzia Euskal Herriko lanpostu bat bada? Eta lanpostu hori euskaraz lan egiteko bada? Euskarazko hedabide batean bada? Euskal enpresa bat bada? Zeinen buruan sartzen da gaztelaniazko curriculuma bidaltzea udalera, esaterako, udan haurrekin hezitzaile izateko bada?

Eta gauza bera zeure burua saldu behar baduzu. Esan nahi dut Gipuzkoako edo berdin zait Tolosaldeko euskararen arnasgune batera nola bidaliko duzu zure eskaintza­ ­—berdin zait zein motatakoa den— gaztelania hutsez sortua?

Neure buruan ez da kabitzen. Ez dut ulertzen zergatia. Nolatan jarraitzen dugun horrela… Zer erakusten zaie Euskal Herriko unibertsitateetan ikasleei? Euskal Herriko unibertsitateak badira, eta euskaraz ere ikasten badute, gero nolatan uzten dute ikasleek euskara albo batera? Non galtzen du euskarak balioa? Prestigioa? Tokia?

Gaztelaniatik harago bada beste mundu bat hemen. Euskaratik eta euskaraz sortzen jarraitu behar dugu. Hainbat herritako udaletan edo lanpostutan euskaraz izateak, euskaraz sortua izateak, euskalduna izateak,… balio erantsia du. Nahi ditugu euskaraz sortutako antzerkiak, nahi ditugu euskaraz sortutako arte tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, ikuskizunak,… eta behar ditugu euskaldun diren adituak, musikariak, margolariak, jostunak edo akrobatak.

 

«Zuei, gazteoi, euskara hutsez egitea nahikoa da. Euskara hutsez aurkezteak balioa du, eta gaztelania hutsekoak ez. Ez hemen behintzat, Euskal Herrian»

 

Zuei, gazteoi, euskara hutsez egitea nahikoa da. Euskara hutsez aurkezteak balioa du, eta gaztelania hutsekoak ez. Ez hemen behintzat, Euskal Herrian.

Asko poztu nau Tolosako inauterietan bi gaztek izan duten jarrerak. Hasteko, euskaraz hitz egiteko eskatzeak egin dit ilusioa. Gaur egun, jada, gutxi egiten dela esango nuke. Oso erraz egiten dugu gaztelaniaz leku edo pertsona jakinekin. Eta bigarrenik gertatutakoa salatu izanak. Ez badakizu, Renfeko segurtasun langileekin liskarretik eskuetaraino iritsi ziren soilik euskaraz egiteko eskatzeagatik.

Poztu nau, batik bat, gazteak izateak. Elkarretaratzea ere egin da gertatutakoa salatzeko eta euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko. Euskal Herrian Euskaraz gehiago oihukatu beharra daukagu. Eta euskaldun izatearen harrotasuna zabaldu! Eta zerk egiten gaituen euskaldun azaldu. Euskara da euskaldun egiten gaituena, eta Baionan ere izango da aukera aldarrikapenerako, apirilaren 6an.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!