Zizurkildarra izan gabe eta herriarekin loturarik izan gabe (duela hiru urte EAJ-k Marian Lazkano ordezkatuz zinegotzi gisa bidali izana salbu) elkarrizketa egokia izan zitekeen ATARIAkoa bere burua herritarrei aurkezteko, baina horren ordez garai eta modu txarrenak gogorarazten dizkigun adierazpenak irakurri dizkiogu. Zelaiak gezurrak erabili ditu udal gobernuaren, EH Bilduren, eta are larriagoa dena, udalarekin zerikusirik ez duten herritar hainbaten jardunaren aurka. Herritarrak zatitu nahi izan ditu gezurrekin. Ez da onargarria.
Dioguna azaltzeko Plazaetxeberriren kasua aipatuko dugu. «Eurek egosi eta eurek jan», dio Zelaiak, ziurtasun osoz, kontrako iritzia azalduz. Bada, hara egia zein den: aho batez onartu zuen Zizurkilgo udalbatzak 2019ko urtarrilean Plazaetxeberri erostea. Aho batez, EAJ-ko ordezkariak barne. Plazaetxeberriko parte hartze prozesua Herribizigune elkarteak gidatzea ere aho batez onartu zen parte hartze batzordean 2019ko udazkenean. Aho batez, EAJ-ko ordezkariak barne, herritar hainbat testigu zirela. Eta horren ondoren etorri da sotoaren lagapena. EH Bildutik gardentasun osoz esan genuen legegintzaldi hau baliatuko genuela eraikina erosteko, gastu muga tarteko urtez urte banatu behar izan genuelako erosketa eta horrela egin dugu. Orain, egin den parte hartze prozesu hori oinarri hartuta, Europar funtsetatik Saseta lubakien memoria gunea eraikitzeko iritsiko diren 100.000 euroekin batera udalak inbertsioa egingo du eraikinaren zati bat konpontzeko 2025ean. Hori ere publikatuta eta azalduta dago, begiratzea nahikoa da. Benetan egia esatea bada helburua, noski.
Gainontzean, ez dagokigu guri Herribizigune elkarteaz ezer esatea, soilik aipatuko dugu informazio gisa aurreko legealdian sortu zela, ez oraingoan (udalak Plazaetxeberri erosi aurretik), askotariko herritarrek osatzen dutela eta ez duela ez udalarekin ezta EH Bildurekin ere loturarik. Are gehiago, batzuetan ados egon gara eurekin eta besteetan ez. Eta bai, elkarrizketaren bidez aztertu eta adostu izan ditugu gaiak. Errealitatea hori da. Amaitzeko, aurten bertan Herribiziguneko ordezkariak kooperatiba aurkeztera etorri zirenean udalera, EAJ-ko ordezkaririk ez zen bertan izan eta ezta udalak, idazkariaren aldeko txostenarekin, kooperatibako kide izatea adostu zuen udalbatzan ere. Lokalaren lagapen hitzarmena ere EAJ-k eskuetan zuen elkarrizketa kaleratzerako eta hala ere, nahiago izan dio gezurrari eutsi. Eta ez dira gaizki ulertuak, kazetariak zehazten baitu idatziz erantzun ziela Zelaiak galderei, nonbait, Zizurkilera etortzeko astirik ez zuen eta.
Legealdi zaila izan da denontzat. Ez dugu asmatu beti eta modu okerrak izango ziren tartean. Dabilenari gertatzen zaio. Tristea dena da edozer eta edozein erabiltzea lau boto irabazteko. Edo agian, ezkutatzeko, EAJ-ko zerrendako lehen hirurak Zizurkilen loturarik ez duten alderdiko soldatapeko jendea direla.