Politika beste modu batera egin nahi duelako aurkeztu da alkategai gisa Zizurkilen Maria Jesus Zelaia Egiguren (Azpeitia, 1964). Gaztetan EAJn hasi eta harrezkeroztik zaindu du politika, «aberria eta euskara». Alkategaiak idatziz erantzun die galderei.
Zergatik erabaki duzu alkategai izatea?
2020ko martxotik naiz Zizurkilgo zinegotzi eta denbora izan dut EH Bilduren gobernatzeko era ezagutzeko. Erabateko gehiengoa izatea gauza bat da eta bestea, Zizurkilen jabe balira bezala gobernatzea. Eusko Alderdi Jeltzaleak ia 400 zizurkildarren botoa izan zuen udalerako eta EH Bilduk ez du hori aintzat hartu ere egin. Inposizio eta mespretxu era horrekin gobernatu du, sarri informazioa ukatuz, osoko bilkuren agiriak bilkura egunera arte eman gabe, oposizioarekin akordioak bilatzeko asmorik ez. Horiek jakinda, EAJk galdetu zidanean ea zerrendaburu izango nintzen, baietz erantzun nuen, Zizurkilen politika bestela egin nahi nuelako.
Aurkeztu iezaguzu zeure burua.
Euskalduna eta abertzalea naiz, Eusko Alderdi Jeltzalekoa gaztetatik. Gazteak gaztea erakarri ohi du, eta ni EAJko gazte batzuekin elkartu nintzen. Handik egin nintzen jelkide eta harrezkeroztik zaindu dut politika, Euskadi, gure aberria, euskara. Etxean ere bai, natural jarduten dugu politikaz. Garbi izan dugu senarrak eta biok, gure umeei euskaldun eta abertzale izaten erakutsiko geniela, EAJren bidean heziz. Ez ditugu politikoki baraurik utzi seme-alabak. Gaurko gurasoei, bereziki EAJren aldekoei, esango nieke emateko bizkarrezur politikoa seme-alabei, gure kasuan nortasun jeltzalea, Euskadin errotua, politikak beren atea jotzen duenerako prestatuta egoteko. Gero beraiek erabakiko dute, baina ez ditzala edozeinek maneiatu.
Egun zinegotzia zara oposizioan. Zer nolako balorazioa egiten duzu legealdiaz?
Ba, lehen esan dudan bezala, oposizioarekin ezer partekatzeko interesik ez duen gobernu bat sufritu dugu, oposizioko zinegotziak zeharo baztertu dituena. EAJko ordezkariak saiatu gara. Adibidez, 2023koak izan ezik gainerako aurrekontuak onartu ditugu, aurkeztutako proposamenetan eta adierazpen instituzionaletan ere akordioak lortzen ahalegindu gara, baina ezinezkoa izan da. Azkena, Martxoaren 8ko adierazpena, udaletako alderdi guztiek onartutako Eudelen agiria aurkeztu genuen, baina alferrik, EH Bilduk berea aurkeztu zuen. Eta kito. Honekin adierazi nahi dut politika egiteko bi era dauzkagula, alderantzizkoak: gurea baikorra da eta eraikitzailea, oposizioan egonda ere ez zaio oztopoa jarri behar gobernatzea dagokionari. EAJk ez du horrela egiten politika, ez oposizioan ez gobernuan. Aldiz, EH Bildun ezetza eta oztopoa aurkitu ditugu eten gabe, ezker abertzalearen identitate politikoan dago ezkortasun hori EAJrekiko, baztertu nahi hori. Ez da politika ona.
Udal gobernura iritsiko bazinatekete zein proiektu landuko zenukete premiaz?
Plaza Etxeberri proiektua lantzea izango litzateke lehenengo gauza. Eraikin hau 750.000 eurotan erosi zen 2018an, momentu honetan milioi bat eurotik gorako obrak aztertzen ari dira eta ez dute eraikin horretarako proiekturik. Gaur egun sotoa udalarekin inolako kontratu-harremanik ez duen elkarte batek okupatzen du.
Zizurkil Behea eta Zizurkil Goiaren arteko komunikazioa hobetzeko lan egitea ere garrantzitsua dela deritzogu. Horrez gain, guztientzako parkeek, haur zein helduentzako, kirolarientzako, herritarren arteko harremanak sendotzeko lagunduko dute. Eskatzen dugu garbiketa zaintzea eta pintada eta pankarten inguruan indarrean dagoen ordenantza betearaztea. Zabor bilketari helduko diogu, jende bat ez dago konforme eta zaborra edukiontzietatik kanpo uzten dute batzuek, desadostasuna adierazteko.
Eta noski euskara. Euskararen erabilerak gora egin du azken urteotan eta horrela jarraitzeko lan egin behar dugu. Euskarak egiten gaitu euskaldun eta herri beste ezerk bezala.
Trafikoarekin herrian duzuen arazoarekin kezkatuta zaudete alderdi guztiak. Bat zatozte Gipuzkoako Foru Aldundiari saihesbidea eskatzerakoan. Zergatik da beharrezkoa?
Asteasuko industrialdera doazen ibilgailu guztiak Zizurkil erditik igarotzen dira, zarata eta kutsadura eragiten dute, eta arriskutsua da. Elkarrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, irtenbidea bilatu behar dugu. Errealitate bihur dadin beharrezkoak diren ate guztiak joko ditugu.
Bulandegi bidean egiten ari diren hirigintza lanak nola ikusten dituzue?
Bulandegiko espaloietako irisgarritasuna lantzeko garaia zen. Urteetan aurrekontuan egon den proiektua da baina orain arte ez da gauzatu. Kontua da gobernuak nahi izan ez duelako ez dela gauzatu, EAJren babesa beti eduki arren. Oso garrantzitsua da Bulandegin bizi den jendearentzat.
Atzera botako zenukete gaur egun martxan dagoen proiekturen bat?
Bai, lehen aipatu dudan Plaza Etxeberriko egitasmoa, eta berriro diot, 750.000 euro ordaindutako eraikina eta orain miloi bat baino gehiagoko egitasmoa daukana. Gai honetan gogoak eman diona egin du EH Bilduk, eurek egosi eta eurek jan. Sortu zuten elkarte bat zizurkildarren parte hartze prozesu baterako. Prozesua egin eta kooperatiba bat sortzeko ondoriora iritsi zen elkarte hori. Baina elkarte horrek okupatu zuen eraikin horretako zati bat Zizurkilgo Udalarekin inolako hitzarmenik gabe, ez kontratu ez itun ez agiri. Hau oso iluna da. Onartezina da.
Gobernatzeko zein eredu bultzatuko zenukete udal gobernura iritsiz gero? Zein harreman bultzatuko duzue herritarrekin? Eta oposizioarekin?
Zizurkilgo gobernuaren politikagintza besteokiko itxia, ezkorra eta mespretxuzkoa da. Gauza bat da nagusitasunez agintzea eta bestea nagusikeriaz. Bigarren horretatik sobera du EH Bilduk. Horren ordez politika irekia, baiezkorako prestasuna eta zizurkildar guztiekiko errespetua eskaintzen du EAJren hautagaitzak, herriari beti errespetua izan behar zaiola sinetsita. Beraz, zizurkildarrei adi egongo den gobernu gardena bultzatuko dugu, leihoak irekiko ditugu Zizurkilgo Udala egurasteko, oposizioarekin elkarlanean arituko gara, informazioa partekatuz, arretaz entzunez.
Zerrenda bozkatuena errespetatuko duzue? Nahiz eta hauteskundeak ez irabazi, alkatetza lortzeko beste alderdiren batekin gobernu akordioa sinatzeko prest zaudete?
Bi hitzetan erantzungo dizut: lehenbizi zizurkildarrek bozkatu behar dute eta gero gerokoak. Hori esanda, argi utzi nahi nuke gauza bat. Nora goazen erabakitzeko nondik gatozen ikustea komeni zaigu. Eusko Alderdi Jeltzaleak esan dezake herri honen eraikuntza gidatu duela, hondoa jota zeuden udalerriak, Gipuzkoa eta Euskadi altxatzeko egitura politiko bat bultzatu zuen autogobernu politikoarekin, legebiltzarra, jaurlaritza, batzar nagusiak eta foru aldundiak eratuz, udalekin batera. Eta erakundeetan politika egin dugu euskara, industria, gizarte-babesa, ingurumena eta abar berpizteko. Itxaropena eta bultzada eman zizkion horrek herri honen izan nahiari. Hori da gure iragana eta identitate politikoa, euskal nazioa eraikitzen ari gara egunez egun, urtez urte, herriaren gehiengoarekin, ETAri beti ezetz esanez, bake eta demokrazia bidetik bakarrik eginez politika. EH Bilduk ez dauka hori esaterik, alderantziz, jo eta ke ibili da ezker abertzalea euskal erakundeen aurka. Herri honentzat erabakigarriak izan diren politikak erabaki zirenean, erakundeetara ez joatea erabaki zuen. Orain ez du aipatzerik ere nahi bere iragana, ez du hitz erdirik esaten. Bada zizurkildarrei esan nahi diet pentsatzeko non egongo ginen EAJk bizkar eman izan balio erakundeetako politikari, ezker abertzaleak bezala. Ez genuen halakorik egin ez egingo ere, eta Euskadiren erabakitzeko eskubideari eutsiko diogu. Hori ere gogoan izateko maiatzaren 28an.