Eta ez da nolanahikoa izango, izan ere, zubia 2,5 metro igo beharko da egungo ibaiertzeko pasealekuetatik URA agentziak eskatuta, eta honek, eskailera batzuez gain, igogailu pare bat jartzea behartzen du, mantentze lanak zaildu eta garestituz.
Herri honetan oraindik zubiak eraiki behar ditugu, batez ere elkartasun zubiak, baina azpiegiturei dagokienez, lehentasunak finkatzea ere beharrezkoa da. Izan ere, ez al ditu beste behar batzuk Larramendi auzoak? Ez al da egokiagoa karga urbanistikoen zenbateko hori bestelako proiektuetara bideratzea? Larramendi 3 eta 7-9 etxeen artean aspaldi kendu ziren parkeak ordezkatzeko, txakur parke duin bat egiteko, Arkaute parkea txukuntzeko, kirol ekipamendu desberdinak eraikitzeko (saretutako futbol zelaitxoa, saskibaloi kantxa edota pilotaleku txiki bat adibidez), parkeko estalkia handitzeko, komun publikoak ezartzeko, Miserikordia zaharrean aparkalekuak moldatzeko, bizikletentzat aparkaleku gehiago jartzeko... Aukera asko daude auzoa hobetzeko, eta ziurrenik auzotarrek ere izango dituzte beste hainbat ideia.
Urte hasieran helarazi genion proposamen hau udal gobernuari, eta begi onez ikusten zutela adierazi arren, beste behin entzungor egin eta tiradera batean geratu da proposatutako alternatiba.
Auzoan bada premia gehiago duen beste zubi bat, Arriaran gasolindegiaren ondoko biribilgunetik Anoetarako bidera egin beharrekoa, Larramendi, Belate, Anoeta eta Irurako trafikoa arinduko lukeena eta oinezko zein bizikletentzako pasabidea ere izango zena. Gogora ekarri behar dugu 2011ko martxoan Tolosako Udalak, Jokin Bildarratz alkate izanik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eneko Goia Bide Azpiegituretako Diputatu eta egungo Donostiako alkateak, hitzarmen bat sinatu zutela zubi hau eraikitzeko, inbertsioa Aldundiak egingo zuenaren konpromezuarekin. 11 urteren ondoren, zubiaren zantzurik ez, biribilgunea besterik ez dugu.
Bulegoetatik atera eta Tolosarrak entzun behar ditu Udal Gobernu honek, udalaren erabakien parte egin, elkarren arteko zubiak eraiki, eta tokian tokiko beharrak identifikatu eta eginbeharrak planifikatu ingurunea gehien ezagutzen dutenekin, kasu honetan, auzotarrekin.