Larramendi eta Belate auzoak elkartuko dituen zubia eraikitzen hasi dira

Ataria 2022ko urr. 4a, 16:42

Obrak datorren urte hasierarako amaitzea aurreikusten du udalak eta, guztira, 1.145.922,45 euroko aurrekontua izango dute. Zubi berria Arkaute parean egongo da eta oinezkoentzako eta txirringentzako izango da.

Larramenditik Belatera joan-etorriak irisgarriagoak, arinagoak eta azkarragoak bilakatzeko asmoa du udalak. Hori dela eta, dagoeneko hasi da bi auzoak lotuko dituen zubi berriaren eraikuntza lanekin.

Pasabidea oinezkoentzat eta txirringentzat izango da eta behin lanak amaituta, Larramendi auzoa Belate pasealekuarekin lotuko du, Arkaute parean. «Zubi berriak bi auzoak bata bestearekiko gerturatu edota elkartuko ditu eta herritarrek alde batetik bestera modu azkar, eroso, eta irisgarrian pasa ahal izango dute. Segurtasuna ere bermatuta egongo da, ibilgailurik ez baita igaroko zubi berritik», azaldu dute udaletik.

Guztira 1.145.922,45 euro bideratu ditu udalak eraikuntza lanetarako, eta Amenabar eta Exbasa obra eta zerbitzuak enpresek sortutako aldi baterako enpresa elkartea izango da zubia eraikitzearen arduraduna. Lanak lau hilabeteko iraupena izango dute eta datorren urte hasierarako amaitzea aurreikusi du udalak.

Igogailua izango du

Zubi berria altueran eraikiko da, hau da, sarbidea espaloia baino maila altuagoan egongo da, altuera hori uholde-arriskuari aurre egiteko nahitaezko neurria baita. Edozein kasutan, irisgarritasuna bermatuta egongo da uneoro, eta horretarako zubiaren sarbidea igogailuen eta eskaileren bidez egingo da.

Gauzak horrela, pasabidea hormigoi armatuzko bi estributan oinarrituko da, ibilguaren egungo hormaren altuera gaindituko dutenak. Zubiaren egitura nagusia altzairua izango da eta zorua, aldiz, egurrezkoa. Azken hau irristakorra ez izatea bermatuko da. Horrez gain, led argiteria jarriko da, argi-kutsadura gutxitzeko eta energia aurrezteko.

Pasabidea eraikitzeak ahalik eta eragin txikiena izango du hiri-ingurunean. Belate pasealekuko oinezkoen bidegurutzea eskailera gunera hurbiltzeko, zebra-bidea altxatuko da eta berri bat jarriko da iparralderago, galtzadaren gainean nabarmenduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!