[GUTUNA] Maite ditut emakume borrokalariak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Tolosa 2017ko irailaren 28a

Aste honetan, Iurreamendi egoitzako langileek utzitako argazki eta aldarrikapenen aurrean, EH Bilduko kideok babes osoa adierazi nahi diegu.

Ez da erreza, ezta ohikoa ere, tamalez, zaintzarekin lotutako horrelako sektore femeninoen kasuan, horrelako pausuak ematea. Baina lehena eman dute. Ikaragarria izan da Iurreamendi egoitzako udaleko emakume langile guztiak elkarrekin borrokan ikustea.

Euren mezua argia izan da, langile bezala lan baldintzen defentsa egiteaz gain, Iurreamendi egoitzak zer behar duen lehen lerrotik jakinda, lan mahaia osatzeko eskatu diote Tolosako alkateari, Olatz Peoni.

Honek, emakume izanagatik ere, osoko bilkuran eman zuen erantzunagatik, ez dut uste ulertzen dituenik. Hori gutxi balitz, aginte jarreratik, bere alkatetzako bulegotik, behatzez, beharrezko prozedura eta batzorde guztiei bizkar emanez, langileen lanpostu aldaketak burutzen hasi da.

Langileak aldaketa hauek geldiarazteko eskatu diote, hitz egiteko eta adosteko eskatu diote.

Oraindik garaiz zaude Olatz, oraindik garaiz gaude, langileei entzun eta elkarrekin, etorkizuneko Iurreamendi osatzeko. Lehen mailako zerbitzu publiko bat eskaintzen jarraitzeko. Ez ahaztu Olatz, Iurreamendi egoitza publikoaren kalitatearen oinarria bertako langileek eskaintzen duten zerbitzua dela, gertukoa, profesionala eta humanoa, hain zuzen. Ez zaitzala kudeaketa pribatuarekiko maitasunak itsutu.

Gelditu, eseri eta hitz egin dezagun, Iurreamendiko emakume langileek merezi dutelako.

Lore Agirre Zipitria
EH Bilduko Tolosako zinegotzia

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!