Udal hauteskundeen ondoren, Tolosako EAJ-PNVk balorazioa egin du eta tolosarrei eskerrak eman dizkiete azaldutako babesagatik. Alkategai jeltzaleak, eta hauteskundeetan garaile izandakoak, Olatz Peon Ormazabalek adierazi du: “Pozik gaude lortutako emaitzekin eta pozik baita ere, herritarren gehiengoak lau urte hauetan egindako lana babestu duelako; guztira, 4.464 tolosarrek egin dute gure proiektuaren eta alderdiaren aldeko hautua. Asko dira gure lana babestu dutenak; baina egia da, EH Bilduren eta EAJ-PNVren artean 215 botoko aldea izan dela, eta hori ere kontuan izatekoa da. Beraz, EH Bilduko eta PSE-EEko ordezkariei ere zoriondu nahi nieke lortu dituzten emaitzengatik”.
“Tolosako udal hauteskundeetako emaitzek bistako egiten dute Tolosa anitza dela, duela 4 urte baino anitzagoa eta beraz, legealdi honetan ere, tolosar guztientzat lan egiteko konpromisoa hartzen dugu” gaineratu du. “Alderdirik bozkatuena izan gara, eta beraz, orain guri dagokigu gainerako alderdiekin harremanetan jartzea adostasunak lortzeko; mahai gainean jarriko ditugu gure programak, amankomunean ditugun proiektu eta egitasmoak identifikatu eta hortik hasiko gara lanean, akordioak lortu eta gobernua eratzeko” aitortu du.
“Kanpaina egunetan ikusi ahal izan dugu, oposizioko talde guztiek, azken legealdian landu ditugun hainbat proiektu babestu dituztela, eta beren programetan ere jaso dituztela. Beraz, espero dugu legealdi honetan horiek elkarlanean garatu eta guztien babesarekin aurrera eraman ahal izatea: Zumardi Txikia, Rondilla kalea, Emakumeen Etxea… adibide batzuk besterik ez dira” gogorarazi du.
“Erantzukizun eta umiltasunez heltzen diogu berriz ere gobernatzeko ardurari eta beste behin orainari erantzunez, baina etorkizunaz ahaztu gabe lan egingo dugu; gertutasunetik eta tolosarrekin elkarlanean jardungo dugu tolosarren ongizatea hobetzea helburu hartuta; horretarako proiektu berriak garatuko ditugu ongizateari, enpleguari, euskarari, kulturari eta berdintasunari lotuta, besteak beste, eta gure politika eta erabaki guztien erdigunean tolosarrak kokatuko ditugu, pertsonak ditugulako ardatz eta helburu” azpimarratu du.
Azkenik, jeltzaleek hitz eman dute tokiko eragileekin elkarlan estuan jarraituko dutela, baita herritarrekin ere, “eta espero dugu gainerako udal korporazio berria osatuko duten alderdi politiko zein zinegotziekin ere lanean batera aritzeko aukera izatea, gure ustez, onuragarria izango delako Tolosarentzat eta tolosarrentzat; ekindako bideari jarraipena emango diogu, proiektu berriak ere martxan jarriz, Tolosak aurrera egiten jarraitu dezan” adierazi du Peonek.