Ezpala Gaztetxea

Bonbereneak, Ezpala Gaztetxearen aferaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Bonberenea 2016ko urtarrilaren 19a

Honen bidez, Bonbereneak publiko egin nahi du Ezpala gaztetxearen aferaren inguruan duen postura:

Lehenik eta behin, argi eta garbi gaitzesten ditugu Tolosako Gazte Asanbladaren ekintzen aurka Tolosako Udalak zein indar polizialek hartutako neurriak. Neurri hauen barnean kokatzen ditugu urtarrilaren 13ko desalojoa zein urtarrilaren 16ko Ertzaintzaren indarkeriaren erabilpen neurrigabea eta justifikatu gabea kolektibo honek “Limousin” etxean burututako okupazio eta eserialdi baketsua desegiteko asmoz.

Era berean, irmoki defendatzen dugu gure herrian hutsik dauden eraikinen erabilpena. Zentzu honetan, ez gatoz bat Tolosako Udalak urtarrilaren 18an publiko egindako adierazpenekin. Okupazioa izan zen gure kolektiboarentzat espazio bat lortzeko bidea eta legitimoa dela uste dugu. Egia da eurena defendatzeko T.G.A.-k burututako zenbait ekintza kritikagarriak iruditzen zaizkigula eta ez gatozela bat hauekin, baina hauen aurka hartutako errepresio neurriak onartezinak iruditzen zaizkigu.

Honetaz gain, adierazi beharrean gaude autogestioak espazio adina forma izan ditzakeela eta bide hau jorratzeko hainbat eta hainbat eredu existitzen direla (eta beste hainbat asmatu daitezkeela). T.G.A.-k adierazi izan du gure eredua ez den beste bat garatu nahi duela eta guk ez dugu honetarako duten eskubidea zalantzan jarri nahi. Hala ere, herri honetan existitzen diren alternatiben onarpena eskatzea egokitzen zaigu. Ildo honetatik jarraiki, bat egiten dugu Otsabiko Gazteak kolektiboak urtarrilaren 15ean Ataria-n publikatutako testuaren azken paragrafoarekin:

"Ez gara inor inori aholkuak ematen aritzeko eta ez genuke, inolaz ere, espazio autogestionatu berri bat lortzeko bidean doan prozesurik baldintzatu nahi. Baina beste kolektibo batzuek egin duten moduan, elkarrizketarako deialdia luzatzen dugu. Uste dugu konponbideak existitzen direla eta herri honetan erabilpenik gabeko espazio nahikoa dagoela antzeko proiektuentzat".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!