Ezpala Gaztetxea

Ezpala gaztetxearen desalojoaren harira Otsabiko gazteon hausnarketa

Erabiltzailearen aurpegia Sanblaspiko Gazte Asanblada 2016ko urtarrilaren 15a

Otsabiko gazteok irmoki gaitzesten dugu Ezpala gaztetxearen desalojoa.

Beste behin ere herritarren beharren gainetik jarri dute “legea”, arazoari konponbide adostu bat eman beharrean. Tolosako etxebizitza eta eraikin hutsei erabilpena eman behar zaiela uste dugu, herritarrontzat onuragarriak izango diren proiektuak garatuz, etxebizitza sozialak eta gune autogestionatuak kasu.

Legealdi hau atzerapauso bat ez izatea espero dugu, herri mugimenduak burutzen ditugun ekimenei dagokienean. Herri honetan gune autogestionatuok betetzen dugun papera aitortzea nahi dugu, bide horretatik desalojoa bezalako ekintzak norabide okerrean doazela nabarmenduz.

Otsabin iada lau belaunaldi ezberdin egon gara garaian garaikoa landuz, betiere autogestioa ardatz izan dugularik. Auzoko festak, hitzaldiak, tailerrak, antzerki eta emanaldi ezberdinak antolatu ditugu. Ateak urteko 365 egunetan zabalik ditugularik edonorentzat.

Azkenik, azpimarratu nahi genuke Tolosan gazteontzako alternatibak egon badaudela, aurrekoa gure adibidea besterik ez delarik. Ezpala gaztetxeko kideen aldaketarako gogoarekin bat egiten dugu. Betiere Tolosako benetako errealitatea kontuan izanda eta existitzen diren gune autogestionatuak gutxietsi gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!