Analisia

Asteasuko faxistarekin bat

Erabiltzailearen aurpegia

Custer Generalaren tankera hartzen diot nik Asteasuko Voxeko boto-emaile bakarrari, lasai, indioz inguratuta, etxeko leihotik begira eta eskopeta garbitzen Cara al sol entzuten duen bitartean. Epika pixka bat ere badu, heroitzat hartuko du bere burua eta harro aldarrikatuko du interneteko nazien foroetan. 

Ez dakit zein izango zen botoa ematera eraman zuen arrazoia: Espainia zalea, matxista, arrazista, anti-migrazioa edo ehiztari mindua izan daiteke, edo nazia bere horretan, edo lerdoa. Edozein edo denak izanda ere, igandetik aurrera, gure faxista maitagarria, pozik egongo da, izan ere, nahiz eta arabarren botoei esker zeharka izan, hurrengo lau urtetan bere iritzia ordezkatua egongo baita Eusko Legebiltzarrean. Eta ez da izango horregatik gustura dagoen Asteasuko biztanle bakarra, nire lagun bat… tira, esango dut, ni naiz, (unpopular opinion), ni ere pozik nago Voxek lortutako legebiltzarkidearekin, eta egunkaria zakarrontzira haserre bota baino lehen utzidazu, mesedez, zergatia azaltzen.

Lehenengo arrazoia espektakuluarena da. Lau urtez pailazo tankerako parlamentarioak une lotsagarri bezain barregarriak utziko dizkigu aukera duen guztietan. Ofizioz edo nahiaz gaurkotasun politikoa segitzen ibiltzen garenok material benetan interesgarria izango dugu astero-astero iritziak emateko. Honetaz gain, jakin badakigu txakurrak trenari zaunka egitea bezain eraginkorrak izango direla legebiltzarkide neonaziaren showak; bakarra da eta ez du inorekin itunak egiteko gaitasunik (Iturgaitzen kontrakorik esaten ez badu, behintzat). Erregimeneko EAJ-PSE alderdiak berdin gobernatuko du 41 edo 42 taldekideekin eta EH Bilduren emaitza bikainak ez zuen askoz gorago egingo 23 postuekin. Eserlekua askoz hobeto aprobetxatuta dago, espektakuluaren ikuspuntutik, Voxek Espainiari begira muntatuko dituen pantomimak plazaratzeko.

Bigarren arrazoia, eta hau serioagoa da: lau urtetan Voxek gure artean faxistak bizi direla gogoraraziko digu. Askotan ultraeskuindarren ideiak kanpotarren kontuak direla uste izan dugu, gure euskal oasi perfektu honetan horrelakorik ez zegoela, eta hemen, progresistaz gain, hiperabertzale eta megaeuskaltzale ginela denok. Neofrankistak gurekin daudela ahazteko joera daukagu, euskal frankistak egon zirela ahazten dugun bezala. Gutxitan konturatzen gara, esate baterako, 1936an Tolosaldea okupatu zuten tropak euskaldunez osatuta zeudela (nafarrak kasu honetan); beti espainiarren inbasio bezala hartu izan dugu. 

Ba ez, Euskal Autonomi Erkidegoan, Voxek 17.517 boto jaso ditu, eta boto horien emaileak ez dira estralurtarrak, hemen bizi dira, gure artean, eta badira, ez  dakit nik norekin konparatu, adibidez, Joan Mari Torrealdai bezain euskal herritarrak. Nazi horiek, legebiltzarkidea eduki ala ez, arriskutsuak dira, gure hizkuntza mespretxatu, emakumeen eskubideak zapaldu, autogobernua murriztu edo ezabatu eta etorkinen lana ez erregularizatzea baitira, besteak beste, beraien asmoak. 

Adi egon behar dugu, eta adi egoteko ez da tresna txarra naziaren astakeriak Legebiltzarreko tribunatik entzutea noizean behin, azken finean, horrelako jendea egon badagoelako.

Beraz, arrazoi ezberdinengatik bada ere, Asteasuko ultraeskuindarrarekin (eta Tolosaldeko gainontzeko 113rekin) bat egiten dut, eta beraien boto alferrikakoa dela medio, piztia gure artean dagoela jakinarazteagatik eskerrak eman nahi dizkiot. Ez zarete pasatuko.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!