Herritar talde batek tolosarrei

Irakaslea, medikua, biologoa, erretiratua, komunikatzailea, bankako langilea, erizaina edota administrariak gara, bai; baina gu Kristina, Aitzol, Oli, Ander, Garbiñe, Xabi, Ixa, Javi, Estitxu, Agus, Izarne, Aitor, Axun, Mari, Miren, Eriz, Ainhoa, Pitz, Andu eta Aitana gara. Gu Tolosako herritarrak gara, tolosarrak.

Ez gara politikariak, ez; gu herritarrak gara. Tolosatik, tolosarrekin eta tolosarrentzat lan egiteko ilusioz gainezka gauden tolosarrak gara. Urrunekoa zitzaigun politika eta arrotza udaletxea, baina gutariko bakoitzak bizi dituen borrokak aurrera eramateko hanketako bat da Udala. Hortaz, herrigintzatik herri politikarako saltoa eman dugu.

Horretarako gatoz. Herritarren borrokak aurrera eramatera, korapiloak askatzera, herri justuago baten alde egitera. Tolosa berdinzale, jasangarri, koloretsu eta euskalduna egitera.

Hankak dar-darka hasten zaizkigu erronka berri honetan pentsatzen. Loa kendu digu. Baina baita amesten jarri ere. Eta beldurra edo errespetua izan arren, gogoa, indarra eta ilusioa ez zaigu falta. Horrek batu gaitu. 

Talde erabat berritua gara, anitza, Tolosa eta tolosarrak bezalaxe. Eta taldearen patroiak, Anduk, gure ilusioa are gehiago piztu du. Pertsona zintzoa, saiatua, langilea, konprometitua, hizlari on eta entzule hobea, eskuzabala, enpatikoa eta irekia da, besteak beste. 

Erronka hau lideratzeko gogoz gainezka dago. Lanerako prest. Eta gu, nola ez, berarekin batera lanean aritzeko irrikaz gaude. 

Eta hori, zuen esku dago. Izan ere, zuek guztiok gabe hau ez da posible izango. Igande honetan zuen guztion babesa behar-beharrezkoa izango da herritik eta herritarrekin batera Tolosa justuagoa eta hobeagoa egiteko. 

Zuen zain gaude. Izan ere, zuekin, zurekin, Tolosa gara.


Aitana Amondarain Eskisabel, Tolosako EH Bilduko hautagaien izenean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!