Bioaniztasunaren inguruan egindako azken ikerketek, datozen hamarkadetan miloi bat espezie landare eta animalia, desagertzeko zorian daudela baieztatu dute. Ez dira txalotzeko datuak, zein da egiten duzun irakurketa?
Galera sekulakoa da, oso serioa. Espezieen desagertze masibo baten aurrean gaude, seigarren espezieen desagertzea deitu diezaiokegu. Kretazikoan, azken desagertze handian, dinosauroak planetatik desagerrarazi zituena, meteorito baten talka izan zen. Gaur egungo itzaltze masiboan, meteoritoa gu gera, gizakia da espezieen desagertzearen erantzule nagusiena.
Bioaniztasunaren areriorik latzena beraz, gizakia da?
Gizakiak eremu askotan eragin dio biodibertsitateari: habitatak galdu dira, kutsadura, pestizida eta abonu kimikoen erabilera masiboak nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboan, intsektuei eragin die zuzen-zuzenean eta lurraren pobretzea ekarri du. Espezie exotikoak sartzea inbaditzaile bihurtu arte oso kaltegarria izan da eta baliabide naturalen gehiegizko ustiaketak zuzenean eragiten dio ekosistemen galerari eta honek noski, espezieak zaurgarri bihurtzen ditu. Guztiak gure ekoizpen eta kontsumo ereduaren ondorio dira. Beste albo-kalte garrantzitsu bat gehitzera ausartzen naiz, ezjakintasuna. Gure akzioek, bizimoduak eta kontsumoak biodibertsitateari nola eragiten dion ez jakitea, gure gizartearen arazo larri bat da.
Gure bizimodua goitik behera aldatu behar al dugu bioaniztasuna eta planetaren ongizatearen izenean?
Erabat. Hemen botilaratzen den ura Asturiasen saltzea edo alderantziz, ez du ez hanka ezta bururik ere. Plastikoaren erabilpenarekin gertatzen denak ere ez du zentzurik, neska-mutil batek bere bizikletaren ziztada konpontzen ez jakitea ere ez da oso logikoa. Madrilera trenez joatea, Berlinera abioiez joatea baino garestiagoa izateak ere ez du zentzurik. Erosten dudan arropa Bangladeshen egina izatea ere ez da logikoa. Kontraesan guzti hauek 40 urte baino gutxiago dituzte eta, jakina, eragin handia dute planetaren ongizatean edo biodibertsitatearen egoeran.
Gizakiok animaliengandik jasotzen ditugun gaixotasun infekziosoak areagotzen ari dira, malaria, HIESa, Covid19a, ebola, amorrua..., bioaniztasunaren galerak zerikusirik ba al du?
Azken egunetan bolo-bolo dabilen gaia da komunitate zientifikoan. Ikerlariek bioaniztasunaren galera zuzenean jo dute gizakiak animaliengatik jasotzen dituen gaixotasun infekziosoekin. Imajina dezagun momentu batez, animaliak pilatuta bizi diren ustiategi bat edo Asiako merkatu bat, non bi kasuetan, animaliek osasun baldintza deitoragarriak dituzten. Estresatutako animaliak dira, bizitza kalitate eskasekoak, ondorioz, horietako askok karga biriko altua eta aldakortasun genetiko txikia dute. Bestela esanda, mikroorganismoak mutatzeko eta infekzio interespezifikoa izateko aukerak areagotzeko baldintza idealak dituzte. Biodibertsitatea hainbat mailatan islatzen da: ekosistema, espezieak eta geneak, maila horietako bakoitzean gertatzen den edozein aldaketak gizakioi eragiten digu. Hori ez gertatzeko txertorik onena ekosistema globala egoera onean mantentzea da. Biodibertsitatearen galerak gaixotasun infekziosoen transmisioa bizkortzen du, Covid19a, saguzar baten koxkari egotzi zaio, baina atzean biodibertsitatearen gabezia dago.
Munduak ekosistemen erdia galdu du. Zein da ekosistema baten balore ekologikoa?
Behar-beharrezkoak ditugu ekosistema osasuntsuak. Hauek klima erregulatzen dute, hau da, atmosfera, uholdeetatik babesten dituzte, ur-baliabideak ematen dituzte gizakiarentzat eta industriarentzat, ureztatzeko. Higiduraren aurkako babesa ematen digute, izurri naturalen kontra egiten dute, aniztasunari eusten diote. Ekoizpen funtzioari dagokionean berriz, janariaz hornitzen gaituzte eta eraikuntzako materialez, erregaiez, sendagaiez eta abarrez. Hori gutxi balitz, paisaiaren gozamenarekin, ekoturismoarekin eta ingurumen hezkuntzarekin zerikusia duten zerbitzuak eskaintzen dizkigute, besteak beste. Horregatik da garrantzitsua ekosistemak ahalik eta transformazio maila gutxienarekin kontserbatzea. Etorkizuna dago jokoan.
Ekosistema baten galera atzeraezina denean, hau da, Amazonaseko oihana ia desagertzear dagoela, nola eragin diezaioke munduaren beste aldean bizi diren gizakiei edo ekosistemei?
Txinako esaera zahar batek dio: «Tximeleta baten hegada munduaren bestaldean senti daiteke». Amazonas oihanaren galera hegada hori litzateke eta ondorioz, oxigenoa eta euria galaraziko liguke, ez da txantxa, ezta?
Aldaketa klimatikoa eta krisi ekologikoa bat al datoz?
Klima-aldaketa krisi ekologikoarekin lotzea ez da zuzena. Gure planetaren historian, aldaketa klimatikoak egon dira, badaude eta egongo dira. Krisi hitza erabili nahi badugu, azken hamarkadetan zibilizazio gisa izan dugun jokabidearen ondorioak sortu duen aldaketa globalaz hitz egitea da zuzena. Larriena aldaketaren abiadura da. Ez gaude abiadura honetarako prest, eta abiadura arriskutsua dela badakigun arren, ez diogu merezi duen garrantzia ematen.
Bioaniztasunaren galera krisi larriagoa dela uste al duzu?
Krisirik larriena da, desberdintasun sozialekin ere lotura baitu. Gure ekosistemak pobretzen baditugu, gizartean izango duen eragina berehalakoa da: muturreko pobrezia, migrazioak, errefuxiatuak, gosea, gaixotasunak, indarkeria. Sozio-ekologiak derrigorrezko irakasgaia izan beharko luke ikastetxeetan.
Hezkuntza ekologikoa ote da bioaniztasuna, gure lurra, landareak, animaliak, urmaelak, ibaiak, basoak, onddoak, apoak, ipurtargiak... gozatzen jarraitzeko giltza?
Baba Dioum kontserbazionista senegaldarraren hitzei helduko diet: «Maite duguna kontserbatuko dugu bakarrik, ulertzen duguna duguna soilik maitatuko dugu eta erakusten digutena soilik ulertuko dugu». Ipurtargiak aipatu dituzu, lehen ikustea errazagoa zen gure etxe inguruetan, orain oso nekeza da, hauek ere mehatxatuta baitaude, habitataren galera, argi-kutsadura eta pestizidak direlarik eragileak, animalia hau maite duenak, ingurumen hezkuntzan bere bidea egin du.