Elkarrizketa

«Herriaren nortasunaren eta harremanen sortzaile dira eskola txikiak»

Hezkuntzaren atzealdean aritu da Mikel Goñi Sagastume amezketarra. Euskadiko Eskola Txikien koordinatzailea izan da bederatzi urtez. 

Euskadiko Eskola Txikien koordinatzaile lanetan ikasitakoak eta hausnartutakoak eskola eta hezkuntza ulertzeko modu berriak eman dizkiote Mikel Goñi Sagastumeri (Amezketa, 1981). Aurrez-aurreko lanera itzuli berri da, herrian irakasle sekula izango ez zela pentsatu bazuen arren, jaioterri eta bizileku duen Amezketako eskolako irakasle da orain, eta ikasitakoa bertatik bertara praktikan jartzeko asmoa du.

Euskadiko Eskola Txikien koordinatzaile izan zara. Zein balorazio egiten duzu?
Bederatzi urte egin ditut bertan eta balorazioa oso positiboa eta aberatsa da. Lehen bi urteetan Elena Laizekin egon nintzen eta  eskolara itzultzea erabaki zuenean, umezurtz sentitu nintzen, aitortu behar dut. Bide bat egin beharrean sentitu nintzen. Momentu zaila izan zen, baina orain, denbora pasata, momentu polit bat bezala ikusten dut. Une horretatik aurrera eskola txikietan ematen diren ikuspegien oinarriak berreraiki zirela uste dut. 2015ean berriz, hiru probintzietako Eskola Txikien koordinatzaile izatea egokitu zitzaidan.

Eskola txikietan ematen diren ikuspegien oinarriak aipatu dituzu, zeintzuk dira?
Eskola txikien inguruko definizio komun bat osatu genuen; eskola txikiek adin aniztasuna bultzatzen dute, publikoak dira, landa eremuan daude eta ezaugarri horiei esker lan on bat egiteko aukera ugari dituzte. Adin aniztasuna zabaltzeak aberastasuna dakar eta ikasleak begirada guztien erdigunean jarri nahi izan ditugu. Azken urteetan, metodologian oso enfokatuta geunden eta haurrak bakarka eta kolektiboan nola zeuden ikustea izan da ere helburuetako bat eta eskolen berreraikitzeko ardatzetako bat. 

Francesco Tonucci pedagogo italiarrak eragin zuzena izan du eskola txikien paradigmaren aldaketan eta irakasleengan orokorrean. Zuri ere ikuspegi berri bat ireki al dizu?
Nire lan egiteko modua asko aldatu zuen Tonuccik, irakasle bezala beste modu batera ikusten ditut ikasleak orain, baita hezkuntzaren betebeharra ere. Askotan gure lan moduetan ez dugu asmatu eta ez diogu gure buruari autokritikarik egin. Errazegi esaten dugu ikasle jakin batek ez duela eskola jarraitzen eta ardura berarengan jartzen dugu, hori esatea onartu egiten zaigu gainera eta gurasoek askotan onartu egiten dute. Baina guk ez diogu begiratu behar dakarren gabeziari, eskola publikoa gara eta umeak ikastera datoz. Agian eskolak aldatu behar du lan egiteko modua.

Hiru lurraldeetako eskola txikiak ez dira berdinak izango, zertan ezberdintzen dira?
Gipuzkoan 26 eskola txiki daude, Bizkaian 21 eta Araban 7. Ez da berdina eskola txikia Albizturren,  Turtziozen edo Bastidan. Albizturren euskara da hizkuntza nagusia, Turtziozen berriz, gaztelania, eta Bastidaren kasuan ikastola dago bertan eskola txikiaren errealitatea oso ezberdina da. Gipuzkoan bereziki, eskolak oso euskaldunak dira. Bizkaian eta Araban aldiz, errealitate soziolinguistiko ezberdinak dituzte eta batzuk erdaldunagoak dira. Gipuzkoan eskolen arteko harreman oso sanoa da eta autonomia maila handia daukate. Araban, gutxi izatearen ondorioz, lanerako oso talde ona dago eta oso motibatuak daude, beraiek duten errealitate sozialari ondo erantzuten jakin dute.

Gaur gaurkoz, eskola txiki bat itxi dela jakingo bazenu…
Eskola txikia ixtea katastrofe bat da! Zorionez nik ez dut ezagutu, baina bai kontrakoa; Ezkio-Itsason eskola ireki zen, egun ia 60 ume daude eta bertakoak dira denak. Eskola batek lagunarteak sortzen ditu eta horrek iraun egiten du. Herri txikietako eskolan 6 urtekoak 10 urtekoekin daude, adin artekotasuna asko irekitzen da eta kidetasun horrek nerabezaroan irauten du. Horrek saretze bat dakar herritarrengan. Herriaren nortasunaren eta harremanen sortzaile dira eskola txikiak. Herri txiki batean bizi den gurasoari, haurra herriko eskolara eramateko eskatuko nioke, kalitatezkoa eta publikoa den hezkuntza jasoko baitu. 

Diseinatzetik, pentsatzetik eta formatzetik, ikasleekin aurrez-aurreko lanera etorri zara. 
Beti esan izan nuen nire herrian ez nuela lanik egingo. Baina paradigma aldaketarekin eta lan egiteko moduaren ikuspegi aldaketarekin, nik nahi nuen bezalako maisua izateko, nire herrian aritu behar nuela ohartu nintzen eta ondorioz, Amezketako eskolan nago  irakasle. Umeak ondo ezagutzeko aukera ematen dit eta gutxi gorabehera badakit zer motxila dakarten –denok baitakarkigu motxila– eta horri esker jardun hobeagoa diseinatu dezaket.

Ba al duzu erronkarik ikasturte berrirako?
Erronka asko ditut, noski, baina, abiadura handian doa dena. Haurrei asko irakurtzea zen nekarren ideietako bat, baina ohartzen naiz nahi baino gutxiago egiten dudala, egunerokoak jaten gaituelako. Oso garrantzitsua da irakurtzeko gaitasuna garatzea, giltzarria da etorkizunerako, eta horretarako desira da beharrezkoa. Nire ustez  desira sortzen laguntzen duen aldagaietako bat da haurrei asko irakurtzea, baina nahi baino gutxiago egiten dut.

Nolakoa litzateke zure eskola ideala?
Eskola toki goxo eta enpatikoa izatea nahiko nuke. Horrek denbora eskatzen du eta ez badugu denbora horretan inbertitzen galdu egingo dugu.  

Eskolaren funtzioa soziala nabarmentzen duzu. Ba al daude nahikoa baliabide?
Oraingo lan egiteko moduekin eta eskolak antolatuta dauden estiloan jarraituz, datorkigun arazoen eta errealitateen aniztasun tipoari erantzun azkar bat emateko pertsona gehiago behar dira, irakasle gehiago. Baina aldi berean pentsatzen dut gakoa ez dela irakasle gehiago jartzea bakarrik, eskolan bertan aldaketa sistematiko bat eman behar dugu. 

Azken ikasturteetan bizitakoak kanpora begira jarri al ditu eskolak?
Konfinamendu osteko ikasturte berrirako erronka izan da kanpoko espazioak aztertzea eta pedagogikoki nola erabili daitezkeen baloratzea. Herrietan badira guneak, modu askotakoak, eta aberatsa izan da horiek aprobetxatzeko moduak pentsatzen jartzea. Leku askotan inflexio puntua izan da herrietako beste toki batzuk ezagutzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!