Elkarrizketa

«Mundua eskolara ekarri  eta eskola mundura atera  behar genuen»

Eskola txikiei oso loturik egon da bere ibilbidea irakasle eta formatzaile bezala.

Eskola handietan, eskola txikian, irakasleen formazioan eta esperientzia berriak eskola txikietan aplikatzen buru-belarri ibilia da Elena Laiz Sasiain.

Hezkuntzari loturik dago Elena Laiz Sasiainen (Bilbo,1958) bizia. Lana baino gehiago da berarentzat eta maistra errebeldetzat du bere burua. Bere amona Errepublikako eskoletako irakaslea izan zen herri txikietan eta bere bidea jarraitu du. Hezkuntzarekin duen harremana hartu-emanekoa da, askotan aipatu du eskerrak ematen dizkiela ikasle guztiei, sekulako bizipoza izan direlako berarentzako, baita bidean topatu dituen lankide eta esperientziei ere, orain bera dena neurri handi batean beraiengatik delako. Hartu, hartu du eta jubilatu arren hezkuntzari ematen jarraitu du.

Eskola txikiei oso loturik egon da zure ibilbide profesionala. 
Zizurkil Herriguneko San Millan eskolan izan naiz irakasle, 1985 urtean hasi nintzen. Aurretik ikastetxe handietan ibilia nintzen. Bost urte egin nituen Zornotzako eskolan eta han lankide oso onak topatu nituen, errebelde samarrak ginen eta hezkuntza ulertzeko eta egiteko modu ezberdina genuen. Tolosaldera etorri nintzenean berriz, adin ezberdinetako umeak zeuden eskola txikian, oso ume naturalak topatu nituen, oso errotuak beraien inguruan, familian eta hizkuntzan. Eskolak ematen zien esperientzia baino askoz aberatsagoa zen beraiek zutena. Eta horrek zer pentsatu handia ematen zidan.

Myriam Nemirovsky ezagutzeak asko aldatu al zuen hezkuntza ulertzeko modua?
1991. urtean, Tolosaldeko eskola txikietako mintegiko zortzi eskoletako hamar irakasle hasi ginen berarekin formatzen, beste ate bat zabaldu zigun, gure lan egiteko modua guztiz irauliz.

Irakurketa, idazketa eta matematika irakasteko moduak aldatu genituen. Filosofia konstruktibista jarraitzen zuen, bizitzan errealak diren egoeretatik erakustea planteatzen zuen. Benetako ipuinak, errezetak, berriak…irakurtzera pasa ginen eta horrekin mundu berri bat zabaldu zitzaigun. Idazketak ere zentzu batekin izan behar zuen, hartzaile batekin, gogoeta sakonak eginez…Mundua eskolara ekarri eta eskola mundura atera behar genuen.

Eskola txikietako irakasleen formazioan buru-belarri aritu zara.
Irakasle gisa beste esperientzia aberasgarri bat izan da. Nemirovskyrekin landutako pedagogian oinarritutako formazioa ematen nien Eskola txikietako irakasleei. Bere jarraitzailea izan naiz. 

Umeek hezkuntzak ezarritako erritmoa jarraitzen ez badute larritu egiten gara. Zer aldatu beharko litzateke?
Metodoetan oinarritzearen ondorioa dela esango nuke. Dena dago neurtua, eredu horrek aukera oso txikiak uzten ditu eta helduen ikusteko moduan oinarritzen da. Ikasteak ez du tempo bat eta ume bakoitzak bere erritmoa eta modua du. Asko behatu behar ditugu ikasleak, baina ebaluazio bihurtzen da segituan eta horrekin batera, kalifikazioa. Irakasleok gure buruari egin behar diogu ebaluzioa, egiten duguna ume bakoitzarentzat egokia den ikusteko. 

Aldiz behaketa –zure esku hartzerik gabe ahal dala– ikustea, entzutea eta sentitzea da; ikaslea zer egiten ari den ikusi behar da eta hori jaso behar da umea ahalik eta ondoen ezagutzeko eta onartzeko. Francesco Tonucciren tailerretako sistema jarraitzen duten eskoletan horixe egiten dute. Tailerretan gertatzen den guztia idazten da egunero; zein ume egon diren, zertan, nola egon diren... Modu honetan oso datu interesgarriak jasotzen dira. 

Francesco Tonucci  pedagogoa aipatu duzu, zein da bere pedagogia proposamena zehazki?
Ume bakoitza dena garatzeko aukera ematen duen eskola defendatzen du Tonuccik. Maila eta irakasgaiak kentzea proposatzen du, tailerren bidez ikasteko aukera bultzatzea. Liburutegia, aroztegia, arte tailerra, mugimendu tailerra eta zientzia laborategien bitartez, ikasleek beren kuriositateak, beren beharrak eta gustuko espazioak bilatzea ahalbideratuko duen eskola planteatzen du.

Bere eredua osotasunean jarraitzen duten eskola txiki batzuk daude eskualdean. Munduan zenbat daude?
Zizurkil Herriguneko eta Abaltzisketako eskola, Tonucciren lehenengo seme-alabak direla esan daiteke eta dirudienez bakarrak dira, 2-12 urte bitarteko ikasleak elkarrekin dauzkagu tailerren bidez ikasiz. Eskola txiki publiko batean horrelako sistema edukitzea oso ederra eta aberatsa da. Publikoak dira eta administrazioaren baietza jaso dute gainera, horrek erakusten du benetan nahi bada egin daitekeela. 

Guztiak eskola txikiak zarete, hala ere.
Ez du zertan eskoka txikia izan behar sistema hau martxan jartzeko. Baina, geu hasi ginen, bai.

Administrazioaren baietza, eskola iraultzeko nahia zuten irakasleak eta gurasoen babesa... Baina zer diote ikasleek?
Hasi ginen bi eskolek prozesu ezberdinak pasa genituen,  baina Tonuccik bisitatu gintuen batean galdetu zien zer zen eskolatik gehien maite zutena eta ikasleek adin aniztasuna eta tailerrak aipatu zituzten. Guri berriz, askotan galdetzen digute «zergatik ixten da eskola asteburuetan? zergatik hainbeste opor? Utzi giltzak eta guk irekiko dugu eskola eta txukun-txukun utziko dugu».

Badira lau urte irakasle lanetik erretiratu zinela, baina hezkuntzari loturik jarraitzen du zure jardunak. Bokazioa da zurea gero.
Azken bi ikasturteetan protokoloak medio ezin izan dut lanean jardun. Erretiratu berritan Zizurkilen eta Abaltzisketan jarraitu nuen pixka bat lanean, eskolara etorri ziren irakasle berriei idazketako eta irakurketako formazioa ematen. Gaur egun, berriro hasita nago eskola batzuetan saio batzuk ematen. Tartean, Tolosako Orixe institutuko ZIGen (Zeregin Ikasketa Gela) boluntario aritu nintzen, desgaitasun intelektualak dituzten 16-20 urteko gazteekin. Bertan lan egiten duen lagun batek eskatu zidan Tonucciren filosofia pixka bat aplikatzeko. Hala, pixka bat aldatzen hasi eta dena  aldatu genuen goitik behera!

Eta zer egin zenuten?
Tailerren esperientzia 2-12 urtekoekin genuen eta ez nerabeekin. Umeek nola gozatzen zuten ikustea ikaragarria izan bazen, gazte hauek izan zuten aldaketa latza izan zen. Planteamendu aldaketarekin autonomia eman genien eta ezagutzen ez genituen artistak azaleratu ziren. Ohartu ginen umeek bizitzen zuten prozesu bera bizitzen zutela. Esango nuke esperientzia honek nire ibilbidea borobildu duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!