Irurako jaiak 2026

Irurar gazteen sokak ez du etenik

Josu Artutxa Dorronsoro

San Migel festen bigarren egunean, Gazte-festa ari dira ospatzen; goizean kalejira egin dute herriko baserrietatik, eta eguerdian, 60 gazte inguru dantzan aritu dira plazan.

Festen hasierako suziria lehertu zenetik ordu gutxi pasa direnean, dozenaka gazte elkartu dira Irurako San Migel plazan, Gazte-festari hasiera emateko. 9:00etan zuten jarrita hitzordua, eta musikariek lagunduta, kalejira egin dute herriko landa-eremuko guneetatik. Eguerdian heldu dira plazara, eta bertan, soka dantza egin dute; 60 gazte inguru aritu dira dantzan. Amaieran, herritar gehiago batu dira fandangoa, arin-arina eta kalejira dantzatzeko. Giro ederra izan dute, eta ondoren, bazkaria egin dute Gazte Alaiak elkartean; 100 herritar baino gehiago elkartu dira.

Bitartean, haurrek elizako arkupeetan egin dute bazkaria. Hauek ere ondo pasatzeko aukera izan dute goizean, haur-parkea izan baitute ikastolako patioan. Arratsaldean ere zabalik dago, 15:30etik 18:30era.

Eguneko egitaraua amaitzeko, musika saioak izango dira. 18:30ean, poteo musikatua egongo da Zutik elektrotxarangarekin, eta 23:30ean hasita, EH Sukarra eta Olgetan taldeen kontzertuak.

Biharko eta datozen egunetako egitaraua ikusteko, egin klik hemen. 

Erlazionatuak

Soka dantza amaigabea

Josu Artutxa Dorronsoro ira 26, 16:18 Irura

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!