San Migel jaietako kartel lehiaketak badu irabazlea

Kartela sortu duen pertsonak Irurako Udalarekin jarri beharko du harremanetan.

2026ko San Migel jaietako kartela eta liburuxkaren azala aukeratzeko taldea uztailaren 10ean elkartu zen Irurako Kultura Bulegoan. Kultura Mahaiko kide boluntarioz osatutako taldeak bi alderdi hartu ditu kontuan erabakia hartzeko: oinarrietan jasotako baldintzak eta epaimahaikideek baloratutako ezaugarriak.

Epaimahaikideek aukeratutako kartelaren lanketa baloratu dute, baita Irurarekin duen lotura ere. Era berean, Irurako jaietako hainbat elementu biltzen ditu: plaza jai-giroan ageri da, eta jendea erraldoien inguruan korrika ikus daiteke. Epaimahaikideek kartelaren gaurkotasuna ere nabarmendu dute, azken urteetako jaietan berritu edo sortu diren elementuak agertzen baitira, hala nola erraldoiak eta herensuge erraldoi berria.

Lehiaketa anonimoa denez, kartelaren egileak Irurako Udalarekin jarri beharko du harremanetan, kultura@irura.eus  edo komunikazioa@irura.eus helbidera idatzi eta bere izen-abizenak eta lana aurkeztean erabilitako «kode sekretua» bidali beharko ditu. Jarraian, saria jasotzeko jarraibideak emango zaizkio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!