Futbola, boleibola eta saskibaloia elkarrekin

Kanporaketak irailean jokatuko dituzte, eta finalak San Migel jaien egitarauaren barruan izango dira. Izen emateak abuztuaren 30a baino lehen egin beharko dira.

Irurako Udalak I. 3x3 multikirol txapelketa antolatu du. Parte hartzaileek futbolean, boleibolean eta saskibaloian lehiatu beharko dute, bi mailatan banatuta: alde batetik, LH6., DBH1. eta DBH2. mailakoak; eta, bestetik, DBH3. eta DBH4. mailakoak. Taldeak neskez eta mutilez osatuta egon beharko dira, eta bakoitzak lau kide izango ditu. Izena emateko epea abuztuaren 30era arte egongo da zabalik.

Talde bakoitzak hiru diziplinetan jokatu beharko ditu partidak. Norgehiagokek 10 minutuko iraupena izango dute: futbolean eta boleibolean, bost minuturen ondoren kantxaz aldatuko dira; saskibaloian, berriz, 10 minutuko partida bakarra jokatuko da saski bakarrean. Partida guztiak 3x3 modalitatean jokatuko dira.

Partida irabazten duen taldeak hiru puntu eskuratuko ditu; berdinketaren kasuan, puntu bana lortuko dute bi taldeek, eta galtzaileak ez du punturik batuko. Txapelketako sailkapen fasea parte hartzen duten taldeen kopuruaren arabera antolatuko da. Kanporaketak eta finalerdiak iraileko asteburuetan jokatuko dira, eta finalak, berriz, San Migel jaien barruan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!