Liburu dohaintzei buruzko oharra eman du udalak

Ataria 2026ko ekainaren 15a

Liburu zaharrak utzi nahi dituenak, liburutegi ondoko Emausen edukiontziak erabili ditzake horretarako. Liburutegiak ez du, printzipioz, gisa honetako alerik jasoko dohaintzan.

Herritar batzuek etxean dituzten liburu zaharrak utzi dituzte azkenaldian liburutegian, kanpoko buzoian eta kultur etxean. Irurako Udalak gogorarazi du liburutegiak ezin dituela mota horretako ekarpen guztiak jaso.

Liburutegiak salbuespenezko kasuetan baino ez ditu jasotzen liburu zaharrak. Azken bost urteetan argitaratutako liburuak badira, eta liburutegiak dagoeneko ale horren kopiarik ez badu, kasuz kasu baloratuko du ea onartu edo ez. Halaber, ez ditu entziklopediak edo antzeko argitalpenak onartzen.

Liburuak utzi nahi dituzten herritarrek Emaus Gizarte Fundazioaren edukiontziak erabil ditzakete horretarako —liburutegiaren inguruan badira halakoak—. Bertan, arropaz gain, liburuak ere utz daitezke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!