Txakur jabeentzako oharrak gogoratu ditu udalak

Ataria 2026ko ekainaren 15a

Joan den astean txakur batzuekin lotutako gertakariaren ondoren, Irurako Udalak txakurren jabeek dituzten betebeharrak gogorarazi ditu.

Joan den astean txakur batzuekin lotutako gertakaria izan zen Iruran. Herritar batek bere txakurra lotuta zeramala, beste txakur bat modu oldarkorrean hurbildu zitzaion eta eraso egin zion. Bi txakurrak banatzen saiatzean, herritarra lurrera erori eta min hartu zuen.

Gertakari hau dela eta, Irurako Udalak gogorarazi du txakur guztiak lotuta eraman behar direla kalean une oro, istripuak saihesteko eta herritarren arteko bizikidetza egokia bermatzeko. Era berean, potentzialki arriskutsu gisa sailkatutako txakurren jabeek indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen neurri gehigarriak bete behar dituzte, besteak beste, muturrekoa erabiltzea.

«Txakurrek onura handiak eskaintzen dizkigute: konpainia egiten dute, sozializazioan laguntzen dute, hezkuntza-balioak transmititzen dituzte eta pertsona askoren egunerokoa hobetzen dute. Hala ere, txakur jabe edo zaintzaileek arduraz jokatzen ez dutenean, arazoak sortzen dira», esan dute udal ordezkariek. Aipatutako gertakariez gain, kaleetan eta berdeguneetan jaso gabe uzten diren txakur gorotzek eragiten dituzten arazoak ere aipatu dituzte: infekzio-foku bihur daitezke, usain txarra sortzen dute, espazio publikoen itxura kaskartzen dute, eta herritarrentzat eragozpenak eragiten dituzte.

Horregatik, udalak herritarrei gogorarazi nahi die txakurren jabe edo zaintzaile izateak betebeharrak ere badakartzala. Arduratsua izan eta herrikideak errespetatzeko deia egin dute, eta bide batez, txakurren jabeek dituzten betebeharrei buruzko informazioa zabaldu dute

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!