Udaleku irekietarako begiraleak kontratatuko dituzte

Ataria 2026ko martxoaren 5a

Ekainaren 29tik uztailaren 24ra egingo da aurtengo Goiz Pasa. Udaleku irekietan begirale izan nahi dutenek martxoaren 17a baino lehen eman beharko dute izena.

Goiz Pasa udaleku irekiak egingo dituzte Iruran ekainaren 29tik uztailaren 24ra. Udalak begiraleak kontratatuko ditu udaleku hauetan aritzeko. Interesatuek euren hautagaitza aurkeztu beharko dute martxoaren 17a baino lehen udaleko egoitza elektronikoan.

Irurako Udaleko webgunean jasota daude deialdiaren oinarriak eta bertan azaltzen denez, begirale izateko kontuan hartuko dira titulazioak, ikasketak, lan eskarmentua eta euskara maila; horiek guztiek egiaztatzeko agiriak eskatuko dituzte. Hori bai, derrigorrezkoa izango da 16 urte baino gehiago izatea, DBHko tituluaren jabe izatea, euskaraz jakitea eta sexu delituekin zerikusia duten aurrekari penalik ez izatea.

Gainera, merituak baloratzeaz gainera, talde dinamika bat ere egingo dute apirilaren 24an eta 27an –apirilaren 17an emango ditu ezagutzera udalak dinamika hauetarako ordutegiak–. Hautatutako begiraleek prestaketa asteburu batean parte hartu beharko dute maiatzaren 22an eta 23an, eta haietan parte hartzea derrigorrezkoa izango da. 

Goiza Pasa 2026 udalekuetan izena ematen duten haur eta nerabeen kopuruaren arabera baldintzak alda daitezkeela jakinarazi du udalak, eta aipatu du aisialdiko begirale titulua lortzeko lehen praktikak egiten dituztenentzat gehienez lau plaza eskainiko direla.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!