Gehigarria: Gastronomia

Gozamenerako espazioa

Ataria 2025eko azaroaren 12a

Duela bi urte inguru Irurako Ostatua kudeatzeko ardura hartu zuten Jon Urionaguena eta Rosa Carbajal senar-emazteek.

Hastapenak zailak izan zituzten arren, azkar hartu dute martxa eta ostiral zein larunbatero ia beteta izaten dute jantokia. Gainera, familia giroan egiten dute lana, beraien bi semeekin batera kudeatzen baitute zerbitzua.

Denetariko eskaintza dute, besteak beste, eguneko menua, plater konbinatuak, ogitartekoak, hanburgesak edota pintxoak; ostegunetan, gainera, pintxo potea egiten dute, 19:00etatik 21:00etara. Maitasunez prestatzen dituzte platerak, bertako produktuak erabiliz eta horien trataera zainduz. Eskaintza sinplea duten arren, edozein errezeta egiteko prest daude. «Sukalde zabala dugu, eta bezeroek nahi dutena edo plater arraroenak egiteko prest gaude, betiere enkarguz eskatuta».

Ostatuko plater izarra, ordea, arroza da. Arrakasta handia du, eta bertan jateko nahiz eramateko eskatzen dizkiete. Aurrez enkargatu behar izaten da, eta modu askotara kozinatzen dute: valentziar erara, itsaskiekin, haragiarekin, mistoa, begetarianoa, fideua edo arroz beltza.

Kulturgintza sustatuz

Ostalaritza eta kulturgintza ditu jomuga ostatuak. Horregatik, bezeroak jan-edanaz asetzeaz gain, kultur jarduerak ospatzeko espazio goxo eta atsegina ere bada ostatua, irurarren herri kohesiorako baliagarria dena. Jardueren artean, bertso afaria, mus txapelketa eta dj gaua antolatu dituzte. Bertan antolatu duten azken jarduera urriaren 31ko Gau Beltzean izan zen, herria eta ospakizuna girotzeko kontzertua antolatu baitzuten. «Kulturari bultzada bat emateko prest gaude eta edozein kultur jarduerak lekua izango du ostatuan ere».

Orain arte egindako lanarekin pozik daude, eta lanean jarraitzeko ilusioa dute. «Aldaketak edo berrikuntzak etorriko dira, bezeroak baitira erritmoa markatzen dutenak». 

  • Helbidea. San Migel plaza 8 (Irura)
  • Ordutegia. Asteartetik igandera zabalik (10:00-22:00); ostiraletan eta asteburuetan, 00:00ak arte. Astelehenetan itxita.
  • Telefono zenbakia. 943 900 993
  • Instagram. @3rakostatua

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!