Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguez, Gorka Murua Irurako alkatearekin bildu da, Gipuzkoako udalekin egiten ari den bilera-sortarekin jarraituz, bere departamentuari eragiten dioten gaiak jorratzeko.
Topaketa eraikitzailea izan dela, eta sintonia onean egin dela nabarmendu dute parte hartzaileek. Bertan, bi erakundeetako ordezkariek Lurraldebusek herrian eskaintzen dituen zerbitzuak aztertu dituzte, eta Gipuzkoan garraio publikoa sustatzen eta etengabe
hobetzen laguntzeko prest agertu dira.
Topaketan, udalak BU07ren (Tolosa>Donostia herrika) zerbitzuak handitzea eskatu du. «Ordubeteko maiztasuna duen zerbitzua, ez da herritarren eguneroko beharretara egokitzen, garraio publikoa sustatu nahi bada, eskaintza handiagoa ematea ezinbestekoa da», nabarmendu du alkateak.
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua gai hori aztertzen ari da dagoeneko. BU08 lineari dagokionez (Tolosa>Donostia zuzena), eta edukierari buruzko datuak berrikusi eta udalarekin partekatu ondoren, egiaztatu da, aforoa 72 pertsonakoa izanik, gaur egun ez dagoela plaza faltarik. Izan ere, diputatuak gogorarazi du 7:05, 7:40, 8:10 eta 8:40etako zerbitzuek errefortzu-autobus bat dutela. Ildo horretan, azpimarratu du indartze-politika «etengabekoa» dela Lurraldebusen. 2024an, besteak beste, 12.231 errefortzu jarri ziren Lurraldebusko linea desberdinetan.
Azkenik, linea honetan Donostiatik ateratzen diren zerbitzuek Iruran geldialdia egiteko aukera aztertzea eskatu du alkateak, gutxienez eskaripean. «Donostiatik Tolosara itzultzeko zerbitzu zuzenean, Irurako geldialdia falta da: joaneko norabidean zerbitzu zuzena dagoen arren, itzultzekoa ez da zuzena, eta horrek kalteak eragiten dizkie erabiltzaileei»”, azaldu du. Horri dagokionez, udalak galdetegi bat egingo die datozen egunetan bizilagunei, linea honen inguruan dituzten premiei eta iritziei buruz. Inkesta horren emaitzak Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentura bidaliko dira.
«Mugikortasun eredu jasangarriagoa, irisgarriagoa eta bidezkoagoa bultzatzeko konpromiso sendoa dugu, gero eta gipuzkoar gehiagok garraio publikoaren alde egin dezaten. Badakigu hori lortzeko ezinbestekoa dela gainerako erakundeekin koordinatuta lan egitea, herritarren entzute aktiboan oinarritutako elkarlaneko gobernantza sustatuz, haien eguneroko beharrei benetan erantzungo dien zerbitzua eskaintzeko. Garraio publikoa oinarrizko beste eskubide batzuk erabiltzea ahalbidetzen duen eskubidea da, hala nola osasuna, hezkuntza, enplegua edo aisia. Horregatik, garraio publikoa indartu eta modernizatuko duten politikak bultzatzen jarraituko dugu, Gipuzkoa kohesionatuagoa eraikitzeko funtsezko zutabe gisa, non pertsona guztiek, bizi diren lekuan bizi direla eta errenta-maila kontuan hartu gabe, mugikortasun jasangarrirako eskubidea berdintasunez gauzatu ahal izango duten», nabarmendu du Dominguez diputatuak.
Bestalde, Muruak honako hau adierazi du: «Irurako Udala mugikortasunaren alorrean ari da lanean azken urteetan, eta garraio publikoa sustatzeko proposamenak egiteaz gain, beste proiektu batzuk ere lantzen ari da: plaza oinezkoentzat bihurtzeko proiektua, bizikletazko mugikortasun-plana eta GI-3650 hiri-errepidean zirkulazioa lasaitzeko ekimenak, besteak beste».