Gipuzkoako bizikleta sare foralean sartuko den Villabona eta Irura arteko bidegorri zatia urtea amaitzerako bukatuta egotea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ordurako, Irurako Udalak prest eduki nahi du herri barruko bidegorriaren proiektua eta hasia da, dagoeneko, bizikleta bidezko mugikortasun plana lantzen.
Maiatzaren 15ean egin zuen herritarrekin lehen bilera, eta egunotan, bidegorriak herrian zehar egingo duen trazatua erakusteko planoak herriko plazan, Trinketean eta kulturgunean daude ikusgai. Udaleko webgunean edo aplikazioan ekarpenak egin, eta ekainaren 12an egingo dute hurrengo bilera herritarrekin.
Gorka Murua alkateak adierazi duenez, tokiko sarea diseinatzerako orduan biderik eraginkorrena eta gehien erabiliko dena lehenetsi dute: «Irurak baditu erronka batzuk mugikortasunari begira eta horien jakitun da aldundia. Bidegorri plan honekin benetan erabiliko den proiektu bat egiteko konpromisoa hartu dugu, egunerokoan erabilpen praktikoa izango duena, eta ez dena soilik aisialdirako erabiliko». Herriko biziguneak eta zerbitzuguneak lotzen saiatu da plana egiteaz arduratu den Biziker enpresa.
Kale Nagusia ardatz
Herri sarrerako autobus geltokian utziko luke bidegorria Gipuzkoako sareak eta lotune hori baliatu nahi dute irurarrek herri barruko bizikleta bidea osatzeko. «Argi dugu Kale Nagusiak behar duela bidegorri horren ardatz nagusia eta plazatik barrena egin behar duela Trinketerako, ikastolarako eta industriagunerako bidea», esan du Muruak.
27 herritarrek hartu zuten parte maiatzaren 15eko bileran eta haietako batzuk kezka agertu zuten aparkalekuekin. Bidegorriak Kale Nagusia zeharkatuko balu, bertan dauden 27 aparkaleku desagertuko lirateke. «Aurretik etxebizitzetan galdetegia zabaldu genuen eta datuek erakutsi ziguten erroldatutako autoak baino aparkaleku gehiago daudela herrian, bai kalekoak, bai etxe azpitakoak. Gertatzen dena da askok garajea trasteleku bezala erabiltzen dutela eta ez ibilgailua uzteko», dio alkateak. Aitortu du arazoa puntuala dela, batez ere, biztanle gehieneko gunean ematen dela, Etxezarreta inguruan.
Kale Nagusiko plazak kendu arren, udalak 12 plaza berri sortuko lituzkeela aipatu du alkateak. Orotara, 15 aparkalekuren galera izango lukete Iruran. «Saiatu gara pedagogia lana egiten eta esplikatzen urtetan kotxeek kendu dietela tokia oinezkoei eta, orain, beste hainbat herritan bezala, guri ere badagokigula leheneratze prozesua egitea, berriz ere oinezkoari lehentasuna ematea».
Behin ekarpen guztiak jasota eta horien azterketa teknikoa eginda, bilera ireki bat egingo du udalak datorren ekainaren 12an. Horrek ez du esan nahi, ordea, lanak berehalakoan hasiko direnik, aurrez, oinezkoentzat plaza egokitzeko asmo handiko proiektua gauzatuko baitu udalak. «Gure asmoa da plazako obrak behin festak bukatuta hastea, urri aldera. Lan handiak dira, zorua aldatzeaz gainera, azpiko instalazioak ere egokitu beharko baitira. Gauzak ondo bidean, zazpi bat hilabetetan amaitu nahi genituzke lanak eta behin horiek bukatuta ekingo genioke herri barruko bidegorri sareari, 2026 urte amaieran edo 2027 urte hasieran. Ikusi behar zer nolako zama ekonomikoa suposatzen duten plazako lanek, zein laguntza jasotzen ditugun eta epeak behar bezala errespeta ote ditzakegun», aipatu du alkateak.