Irurako Udalak eta Elhuyarrek Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoa jarri dute martxan herriko bederatzi dendatan. Emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egin duten lana ezagutarazteko, otsailaren 3tik 11ra, establezimendu horietako bakoitzean zientzialari bati edo biri buruzko ilustrazioak eta horma-irudiak jarriko dituzte eta, nahi duenak, haren ikerketan inspiratuta apainduko du dendako erakusleihoa.
Trinkete taberna, Irurako ostatua, Ametz estankoa, Xare okindegi-kafetgia, Muhi janari denda, Triku ile-apaindegia, Tximak ile-apaindegia, Bakarne Arrue Otegi farmazia eta Irurako okindegia ari dira ekimenean parte hartzen. Bultzatzaileek azaldu dutenez saltokiak emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira egunotan eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten.
Irurarekin batera, Euskal Herri osoko beste hamaika herritan gauzatuko dute Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoa –Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Elgoibar, Ordizia eta Iruñea– eta 221 saltokik hartuko dute parte.
Ekimena Bizilaberen barruan sortu zuen Elhuyarrek duela bost urte. STEAM hezkuntzaren bitartez, urte osoan jarduten du elkarteak neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua gazteei hurbiltzeko; emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gaindi ditzaten.
Aurtengo edizioan, hamabi izango dira omenaldia jasoko duten zientzialariak: Amena Karimyan (Herat, Afganistan, 1996) astronomoa, aktibista eta idazlea; Dorotea Barnés González (Iruñea, Nafarroa, 1904-2003) kimikaria; Halet Çambel (Berlin, Alemania, 1916-2014) arkeologoa eta eskrimalaria; Harriet Martineau (Norwich, Erresuma Batua, 1802-1876) ekonomialaria eta soziologoa; Jeanne Baret (La Comelle, Frantzia, 1740-1807) botanikaria; Lurdes Ansa Maiz (Andoain , Gipuzkoa, 1961) zientzia-materialen edizio-arduraduna; Margaret Crane (Indiana, AEB, 1941) publizista eta asmatzailea; Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1955) matematikaria; Nawal El Saadawi (Kairo, Egipto, 1931-2021) medikua, idazlea eta aktibista; Patricia Rodríguez Brennan (Bogotá, Kolonbia, 1971) biologo ebolutiboa; Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi, Japonia, 1934-2015) hizkuntzalaria; eta Uxue Lazcano Dobao (Bergara, Gipuzkoa, 1995) biologo konputazionala.