Hondakinen tasa %25 garestituko da Iruran

Ataria 2024ko urriaren 29a

Legeak agintzen duen egokitzapenagatik garestitu dute tasa; Etxebizitza, garaje, denda eta tabernen hondakinen tasa %25 igoko da eta enpresena %50.

Urriaren 23an ez-ohiko batzarra egin zuten Irurako Udalean, hiru gai nagusi aztertu eta bozkatzeko:  2023ko Kontu Orokorraren behin betiko onarpena; 2025. urterako ordenantza fiskalaren tasen aldaketa; eta datorren urterako egutegi fiskalaren onarpena.

Gehiengo osoz onartu ziren 2023ko kontu orokorrak eta baita 2025eko egutegi fiskala ere. Tasen aldaketa, ordea, EH Bilduren aldeko bozkekin onartu zen eta EAJren abstentzioarekin. Honenbestez, 2025eko udal tasa eta zergetan zenbait aldaketa izango dira. Esaterako, zergetan %3ko igoera izango da, KPIaren igoeragatik.

Batetik, hondakinen tasetan, 07/2022 Legeak agintzen duena betez, tasaren igoera egingo da. Etxebizitza, garaje, denda eta tabernei dagozkien hondakinen tasak %25eko igoera izango du. Enpresen kasuan, berriz, %50ean garestituko da. Aurreko astean eman zuen udalak aldaketa guzti hauen berri.

Kirol instalazioen erabilera tasak ere aldatu dituzte. Auzitegi Goreneko sententzia batek dio, ezin zaiela tasa ezberdina kobratu erroldatuei eta ez erroldatuei. Orain arte, Iruran erroldatutakoek hilabeteko 8 euroko tasa ordaintzen zuten kirol instalakuntzen erabilera egiteagatik. Aurrerantzean, 12 eurokoa izango da tasa hori, guztientzat. Hiru hilez behin egingo da kobratzea (otsaila, maiatza, abuztua eta azaroa) eta 16 eta 24 urte artekoen tasa 8 eurokoa izango da.

Ordenantza fiskaletan jasotako beste aldaketa batek zuzenean eragingo die etxebizitza hutsei, izan ere, aurrerantzean, hauei %100eko errekargua aplikatuko zaie. Etxebizitzen alokairua bideratzeko, bestalde, beste neurri bat ere hartuko du udalak: %50eko hobaria izango dute erakunde publiko baten alokairu programan parte hartzen dutenek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!