Hondakin arriskutsuen edukiontzia erretiratuko dute, konponketak egiteko

Ataria 2024ko urr. 24a, 11:53

Hondakin arriskutsuen etxola Anoetan. TOLOSALDEKO MANKOMUNITATEA

Bitarte honetan hondakin arriskutsuak Garbigunean utzi beharko dira; bide batez, udalak iragarri du hondakinen tasa berriak onartuko dituela datorren urteko ordenantza fiskaletan.

Tolosaldeko Mankomunitateak hondakin arriskutsuen edukiontzia erretiratuko du, konponketak egiteko. Eskualdeko herri guztietan ari dira lan hauek egiten eta Irurakoaren txanda iritsi da orain. Etxola berrezarri bitartean Garbigunean utz daitezke hondakin arriskutsuak: erradiografiak, bateriak, pilak, toner eta tinta kartutxoak, aerosolak, lanpara eta fluoreszenteak, etxe-tresna elektriko txikiak, automozioko olioa eta orokorrean arrisku ikurrekin markatutako gaiak.

Tasa berriak aurki

Eskualdeko gainerako herrietan bezala, Irurako Udalak legeak ezartzen dituen baldintzetara egokituko du hondakinen tasa hurrengo ordenantza fiskaletan. Europatik datozen zuzentarauei jarraituz hondakinen kudeaketak dakarren defizitari herritarrek eta enpresek egin beharko diote aurre beren zergekin. Udalak ohartarazi du toki erakundeak irizpide hau aplikatzera derrigortuta daudela.

Hondakinen arloko politikaren berri emateko esku-orria banatu du Irurako Udalak eta, bertan, hondakinen tratamendu kostuak jaso ditu: etxeko errefusaren tratamendu kostua 214,24 eurokoa da tonako; industriako errefusaren tratamendu kostua 219,24 eurokoa tonako; organikoaren tratamendu kostua 142,98 eurokoa tonako; industriako film plastikoaren tratamendu kostua 82,42 eurokoa tonako.

Udalak esan du etorkizunean sortzen den hondakin kopuruaren araberako kobratzea egingo dela eta etxe bakoitzaren jarraipena txartel bitartez egingo dela. Aldi berean, neurri zehatzak aztertuko ditu txartela erabiltzen ez dutenentzat.

Hondakinak egoki kudeatzeak ingurumen, osasun eta ekonomia onurak dakartzala dio udalak eta hainbat ohar eman ditu zaborrak behar bezala sailkatzeko. Gaineratu du azken asteotan zenbait herritarrek kexak jaso dituztela, herriko kaleetan ikusitako zikinkeria dela eta. «Brigadako lankideak etengabe ari dira garbiketa lanak egiten baina kaleak garbi mantentzea guztion ardura da», esan dute udal arduradunek. «Herritarroi dagokigu arduraz jokatu, eta sortutako hondakinak dagokien zaborrontzietan uztea. Zakur-gorotzak jasotzea, bestalde, haien jabeen ardura da. Modu horretan, errazagoa izango da herria garbi mantentzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!