San Migel Xare Ireki Mistoaren azken jardunaldia, gaur

Imanol Garcia Landa 2024ko ira. 19a, 14:42

San Migel Xare Ireki Mistoaren finalerdiak zeinen artean jokatuko diren gaur erabakiko da. Ligaxkako azken jardunaldia izango da jokoan Irurako Ametsa trinketean, 17:30ean hasita.

Lehen partidan, Paule Fernandez eta Adei Gibelalde bikoak Alaine Larrarte eta Eneko Larrañaga bikoa izango du aurkari, eta Sara Agirre eta Ur Aristi bikoak, Martina Flores eta Izei Garmendia.

Gaurko partiden emaitzen ondoren zehaztuko da ligaxkako sailkapena eta horren arabera finalerdiak ere. Lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren aurka. Finalerdi horiek Irurako San Migel jaien egitarauaren barruan txertatuta daude, eta igandean 16:30etik aurrera jokatuko dira.

Lehenengo aldiz antolatu du Ametsa Pilota Elkarteak San Migel Xare Ireki Mistoa. Bikote bakoitzean neska bat eta mutil bat daude, 10-11 urte bitartekoak, eta denak elkarteko pilotariak dira. Ametsa Pilota Elkarteko Mikel Uzkudunek azaldu du «oso gustura» daudela txapelketarekin: «Zoritxarrez zaila da horrelako txapelketa bat antolatzea. Guk baditugu neskak xarean ari direnak, ez dira asko, baina baditugu. Gainera, kategori berekoak izan behar dute, eta maila berekoak, beraz ez da erraza horrelako txapelketak antolatzea. Kontuan izan behar da Iruraz aparte, beste inon ez dutela neskek xarean jokatzen». Aurten ahal izan dute eta «maila oneko» partidak ateratzen ari direla gaineratu du Uzkudunek.

Harrobi lana «garrantzitsua» dela esan du. «Harrobirik ez badago, aurrera begira lana egitea zaila izaten da. Ikusten da harrobia badagoela eta harrobia lantzen ari garela».

XARE IREKIAREN TXANDA, BIHAR

VI. San Migel Xare Irekiaren finalerdiak bihar ostirala jokatuko dira. 19:00etan hasiko da jaialdia, eta aldaketak izango dira: lehenengo partidan Zabalegi-Cassaing bikoak aurrean izango du Ondarts-Iban Barneix (Jon Lafargeren ordez) bikoa. Bigarren partida Halsouet-Mujika bikoa eta Mendizabal-Erro bikoaren artekoa izango da.

Bi txapelketetako finalak hilaren 28an jokatuko dira, beti bezala, Ametsa trinketetan, eta San Migel jaien egitarauaren barruan. 11:30ean hasiko da jaialdia, eta lehenengo San Migel Xare Ireki Mistoaren finala izango da eta ondoren VI. San Migel Xare Irekiarena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!