Ostiralean, San Migel festen suziria (18:30ean) bota bezain pronto, 19:00etan, VI. San Migel Xare Irekiaren finalerdiak jokatuko dira Irurako Ametsa trinketean.
Lehen finalerdia, Julen Zabalegi eta Clement Cassaing bikoak, Hodei Ondarts eta Iban Barneix (Jon Lafargeren ordez) bikoaren kontra jokatuko du.
Faborito argirik gabeko partida izango zen, Jonek jokatuko balu; honek, ordea, min hartuta bukatu zuen azken partida, eta, errekuperatu ez denez, bere lekuan, Iban Barneixek jokatuko du. Eta, hori dela eta, Julen eta Clement faborito direla esan daiteke. Hala ere, finalerdietako partidak arraro samarrak izan ohi dira, eta euren onena eman beharko dute Julenek eta Clementek, ezustekorik nahi ez badute.
Bigarren finalerdian, Oxan Halsouet eta Markel Mujika bikoa da faboritoa, ligaxkan elkarren kontra jokatu zuten partida kontuan hartzen badugu, behintzat. Hartan, Oxan eta Markel, erraz nagusitu zitzaizkien (40-27) Matxalen Mendizabal eta Joseba Erro bikoari. Hala ere, arestian esandakoa, finalerdiak tartean daudenean, ezusteko asko gertatzen dira, eta kontuz ibili beharko dute Oxanek eta Markelek; horrez gain, Matxalen eta Joseba, euren maila ematen badute, oso bikote lehiakorra eta orekatua dela ere kontuan izan behar dugu.
Hortaz, aurretik dauzkagun bi finalerdiak oso irekiak daude.
Ea ligaxkan eskaini diguten ikuskizuna eskaintzen jarraitzen duten!
Horrela izan dadila, eta onenek irabaz dezatela.