Irurako jaiak 2024

Sei egun, bi asteburu eta herensugea festen zaindari

Ataria 2024ko irailaren 13a

Ttipi-ttapa ibilbide osasungarrien ekimenean parte hartzen duten herritarrek botako dute aurtengo txupinazoa. Irailaren 20tik 29ra ospatuko dira jaiak eta urriaren 6an egingo dute jubilatuen eguna.

Irailaren 20tik 29ra ospatuko dira San Migel jaiak Iruran eta ohiturari jarraituz, hurrengo igandean, urriaren 6an ospatuko dute jubilatuen eguna. Festa batzordean parte hartu duten herritarrek agerraldia egin dute udal ordezkariekin batera Irurako plazan jai egitarauaren berri emateko.

Gorka Murua alkateak eskerrak eman dizkie Irurako Kultur Mahaian parte hartzen duten eragile eta herritar guztiei, jai egunak iritsi aurretik egindako lan guztiagatik. «Egitaraua zabala egin dute, adin ezberdinetako pertsonek gozatu ahal izango dutena», esan du alkateak.

Itxaso Yeregi izan da aurtengo jai egitarauaren azala diseinatzeaz arduratu den herritarra. Borondatez aurkeztu zuen bere burua langintza horretarako eta adineko pertsona bati egin dio keinua portadan. «Jolas bat egin du iragana eta orainaren artean. Festak ez dira bakarrik gazteentzat izaten, adin guztietako jendeak du gozatzeko aukera eta azalean hori islatzen saiatu da», aipatu du Muruak.

Ttipi-ttapak txupinazoa

Hain zuzen, aurten, Ttipi-ttapa ibilbide osasungarrien ekimena izango da aurten sanmigelei hasiera emateko txupinazoa botatzeaz arduratuko dena. Hilean behin 65 urtetik gorako pertsonek ibilbide bat egiten dute ariketa fisikoa egin eta elkarren arteko harremanak sustatzeko. Mari Paz Armendarizek piztuko du suziria beste bi kiderekin batera eta festen aurkezpeneko ekitaldia baliatu du eskerrak emateko, «haiekin gogoratzeagatik». Kultur Mahaiean jasotako proposamenen artean hautatzen dute, hain zuzen ere, festen hasierako txupinazoa botatzeko ohorea zein talde edo pertsonek izango duten. Armendarizek hilean behingo osteratxoetan parte hartzera animatu ditu herritarrak eta aldi berean festetarako gonbidatu ditu irurarrak: «Ilusioa dugu ondo pasatzeko. Izan daitezela festak alaiak eta errespetuzkoak eta bizi ditzagun denok elkarrekin».

Bi asteburutan luzatuko da jaia Iruran. Irailaren 20, 21 eta 22an, eta irailaren 27, 28 eta 29an. Kultur Mahaian parte hartzen duten Nora Iñurritak eta Eiharne Olanok eman dute jai egitarauaren berri. Urriaren 6ko jubilatuen egunerako prestatu dituzten ekitaldien berri, aldiz, Marimi Ugaldek eman du.

Amaitzeko, Idoia Garaialde zinegotziak irurar guztiak festaz gozatzera animatu ditu, baita inguruko herrietako biztanle guztiak ere: «Goza ditzagun festak modu alaian, errespetuzko moduan eta berdintasun giroan». Garaialdek adierazi du eraso sexisten aurkako protokoloa helarazi zaiela tabernari eta txosnei eta Beldur Barik gunea egongo dela, irailaren 21ean, arratsaldez, festa gunean.

 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!