Martxel Larraza Indaburu izan da irabazlea, Xerka lanari esker. Epaimahaiak erabaki du Larrazaren lanak «bete-betean» bat egiten duela sariak ezarritako irizpideekin: «kazetaritzaren leitmotiv-etako bat da ezkutuan dagoena argitara ateratzea, plaza publikoan ahotsa ukatzen zaien horiei hitza ematea. Eta, alde horretatik, Larrazak lan aberatsa osatu du: LGTBI komunitateak bizi duen erbesteratze prozesu isilean jarri du arreta, eta askotariko testigantzak bildu ditu genero identitateari, adinari, bizipenei eta lurraldeari dagokienez. Era berean, lan bibliografiko mardula taxutu du, lan prozesuan eginiko hautu guztiak —bai teknikoak bai kazetaritzari lotuak— xehetasun osoz azalduz, eta Xerka proiektua fotokazetaritzaren ibilbidearekin eta helburuekin lotuz». Azkenik, epaimahaiak bereziki nabarmendu nahi izan du Larrazak ondutako lanaren kalitate estetikoa, gaiari dagokionez eta elkarrizketatuekin erakutsitako sentsibilitatea, eta hizkuntza jasoa baliatu izana.
Bestalde, epaimahaiak uste du Aldageletan podcastak aipamen berezi bat merezi duela. Izan ere, Garazi Karrera Lopetegiren proposamena «espezializazio lan bat da, produktu profesional bat, kirol arloari askotariko ikuspegietatik begiratzen diona, horretarako ahots kualifikatuak bilduta».