ELKARRIZKETA

«Sentitzen nuen Irurako Ostatua guretzako eginda zegoela, geure neurrira»

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 29a, 19:59

Gogoz ekin dio Jon Urionaguenak (Munitibar, Bizkaia, 1964) Irurako Ostatuaren kudeaketari, familiaren laguntzaz. 

Jende asko gerturatu da Irurako Ostatura lehenengo egun hauetan. Zerbitzuari tamaina hartu nahian dabil Urionaguena, baina dagoeneko, poz baten berri eman du: semeekin euskaraz gehiago hitz egiteko ohitura hartu du.

Zein esperientzia izan duzu ostalaritzan orain arte?

Itzuli asko eman ditut. Gernikan hasi nintzen jatetxe batean ikasten. Handik Bartzelonara joan nintzen jatetxe garrantzitsu batera. Bilbon eta Ibizan ere ibili izan naiz. Pedro Subijanarekin jardun nuen lanean eta beste sukaldari on askorekin ere bai. Gazte hasi nintzen nire kabuz lanean eta sukaldari buru bezala aritu nintzen Oiartzungo Matteon, Michelingo gidan izar bat eman zidaten. Gero beste mundu bat probatu nahi izan nuen, catering-en mundua, alegia. Horretan ere luze aritu nintzen. Era ezberdinetan mugitu naiz ostalaritza munduan: jatetxe entzutetsuetan, catering enpresetan eta hotel ezagunetan Nire esperientziaren ginga hemen jarri nahi dut, Iruran, dakidan guztiari herritarrei eskaini eta nire semeei transmititu nahi diet.

Ezagutzen zenuen Irura aldez aurretik?

Villabonan bizi naiz duela hamar urtetik. Alacanten (Herrialde Katalanak) egon ginen urte askotan bizitzen. Nire emaztea billabonatarra denez bertara itzuli ginen. Irura, beraz, ezaguna nuen eta lokal honetan ere egona nintzen aspaldi familiarekin bazkaltzen, Zaharren Biltokia zenean.

Nola izan zenuen udalaren asmoen berri?

Semeek ezagunek esanda jakin zuten hemen jende bila zebiltzala. Nik fuerte jo nuen lehendabiziko momentutik. Alkateari esan nion zortekoak zirela gu azaldu ginelako proiektu hau kudeatzeko [barrez]. Agian ausardia da horrela esatea, baina nik sentitzen nuen Irurako Ostatua guretzako eginda zegoela, geure neurrira.

Zein da Irurako Ostatua kudeatzeko osatu duzuen ekipoa?

Familia. Emaztea, nirekin batera, sukaldean asko ibilitakoa da eta zerbitzari gisa ere bai; semeetako bat pastelgilea da eta bestea ohituta dago barran. Talde indartsua osatzen dugu proiektu hau aurrera ateratzeko. Dagoeneko jardun erdirako beste pertsona bat kontratatu dugu eta besteren bat beharko dugu. Eta astebururako aparteko langileren bat ere hartu beharko dugu martxa zein den ikusita. Zerbitzu ona eman nahi badugu jendea beharko dugu.

Zein eskaintza egingo duzue?

Ogitartekoak eta plater konbinatuak eskainiko ditugu eta horrekin batera anoak ere bai. Paellaren munduari indarra ematen ari gatzaizkio hasiera honetan. Hemen inguruan ez dago ohiturarik horretarako. Alacanten egon nintzenean arduratu nintzen hori ikasteaz eta orain bertako herritarrei eskaini nahi nieke. Arrozaren mundua oso zabala da eta eskaintza zabala egiteko aukera dago. Eskaintza hori, eta enkarguz, beste edozer gauza prestatzeko pronto gaude. Ez dugu sukalde konplikatua eduki nahi, generoak mugimendu handia behar du, bestela dirua galtzen baita. 

Zer iruditzen zaizu espazioa bera ostalaritza zerbitzua eskaintzeko?

Oso egokia. Aukera asko ematen ditu eta moldagarria da. 40 bat pertsonentzako tokia dago otorduak emateko, baina gero mahaiak erretiratu eta kultur emanaldiak egiteko espazio polita geratzen da. Sukaldeak leiho bat ere badu eta hori polita da, bertan aritzen garenontzako kanpoarekiko kontaktua mantentzen laguntzen baititu. Bi aldetara begiratzeko balio du, guk ez daukagu ezer ezkutatzeko eta jendeak lasai asko begiratu dezake nola ibiltzen garen sukaldean. Kanpoan, arkupeetan mahai batzuk jarri ditugu baina plaza oinezkoentzat egokitzen dutenean, oraindik ere, terraza zabalagoa izango dugu.

Zer nolako harrera egin dizuete?

Ikaragarri ona. Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu. Inguruko herrietako jendea ere gerturatu zaigu eta bertakoa ere gogoz sumatzen dugu, urte asko eman baititu lokal honek itxita. Suertez jendeak oso ondo onartu gaitu eta hemendik kanpora gutaz oso ondo hitz egiten dut. Ahoz ahokoak laguntzen du jendea erakartzen. Dena eskutik datorkigu eta oso kontentu gaude. Ostatuarena ez dugu negozio bezala ikusten soilik, zerbait gehiago da. Toki batera iristen bazara ez da kasualitatez izaten. Irurako sistema horretan parte izan nahi dugu eta ekarpen bat egin nahi diogu herriari.

 

Erlazionatuak

Irurako ostatua zabalik

Jon Miranda Labaien ots 29 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!