Irurako ostatua zabalik

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 29a, 19:59

Ostiral mehean ireki zituen ateak ostatuak eta Jon Urionaguenak familiarekin batera kudeatuko du zerbitzua, asteartetik igandera

Leku segurua da ateak zabaldu berri dituen Irurako Ostatua, gertukoa, anitza, euskalduna, eta euskarazko kultura sustatzeko sortua. Herritarrek parte hartze prozesu batean zehaztu zituzten iaz ostatuaren proiektuak izango zituen oinarriak. «Ibilbide baten emaitza da espazio hau, txukun geratu da, baina orain arima eman behar zaio eta horretarako ardura dute, ez bakarrik lokalaren kudeaketa bere gain hartu dutenek, baita herritarrek ere», esan du Gorka Murua alkateak.

Familiarekin batera hartu du ostatuaren ardura Jon Urionaguenak, eta alkatearen hitzetan, proiektuak izango duen zutabeetako bat da taldea, «ostatuaren motor nagusia». Muruak azpimarratu du, bertako arduradunek, eskuz esku egin beharko dutela lan Irurako Kultur Mahaiarekin, herritarrek formatu txikiko kultur emanaldiak egiteko toki bezala izendatua baitute ostatua. «Hirugarren zutoina udala da, lanak errazteko egongo gara gu, baliabideak jarri eta kudeatzaileei babesa emateko», dio Muruak .

Alkateak aitortu du kosta egin zaiela ostatuko zerbitzua eskainiko zuen taldea topatzea, «gaur egun ostalaritza mundua nahikoa konplikatua baitago». Baldintza erakargarriak jarri ditu udalak ostatua kudeatzeko eta gutxieneko betebehar batzuk jarri ditu: eskaini beharreko jan-edanen ingurukoak, ordutegia eta jai egunei buruzkoak. «Ulertzen dugu kudeatzaileek euren bizitza pertsonala lanarekin uztartu behar dutela. Uste dut pedagogia egin beharko dugula herritarrekin, eta denoi dagokigula hemen arituko diren langileak zaintzea», esan du alkateak. Bost urtetarako kontratua sinatu du Urionaguenak.

ARRAKASTARAKO BERMEAK

Astelehenetan atseden eguna izango dute, baina gainerako egunetan 10:00etan zabaldu eta 22:00etan itxiko dute ostatua. Ordutegia gauerdira arte zabalduko da asteburu eta jai egunetan. Inaugurazio osteko lehenengo aparraldiaren ondoren, pixkana zerbitzua egokitzen joango direla adierazi dute arduradunek. Udalak maiztasunarekin egingo ditu bilerak Urionaguenarekin zerbitzuaren martxaz aritzeko.

Irurako Ostatua 187 metro koadro dituen espazioa da eta udalak inbertsio handia egin du lokala egokitzen, 444.000 euro hain zuzen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamendutik 100.000 euroko laguntza jaso dute eta zain zaude Eusko Jaurlaritzaren Erein programatik ekarpena jasoko ote duten. Hala ere, ostatuarena proiektu estrategikoa dela nabarmendu du Muruak: «Su txikian egosi da eta luzerako pentsatuta dago. Ematen dugun pauso bakoitza ondo pentsatuta emango dugu, antsietaterik gabe, oinarri sendo bat jartzeko asmoz».

Hasiak dira lanketak egiten, eta besteak beste, Tolomendirekin harremana hasi dute ostatuko arduradunek, eskualdeko ekoizleen produktuak erabiltzeko aukeraz hitz egiteko. Urionaguenak, gainera, soberan geratzen janaria alperrik ez xahutzeko, herriko gizarte zerbitzuekin lankidetza egiteko asmoa du. Udal arduradunek uste dute komunitatea egiteko ezinbesteko tresna izango dela herriko ostatua, eta asmo hori osatze aldera, apal bat jarri dute taberna sarreran udal informazioa eta hainbat baliabideren berri emateko.

Alkatea ziur dago herritarrek eskaintzari erantzungo diotela eta azpimarratu du zerbitzuak funtzionatzeko berme guztiak dituela. «Industriagune garrantzitsua dugu aldamenean, jende asko pasatzen da egunero Iruratik eta herrian bertan ez dugu ostalaritza eskaintza handiegirik. Baldintza horiek dauzkagula, lan ondo eginez gero ziurtatuta daukagu funtzionamendua. Lehenengo egunetan emandako zerbitzu bera ematen jarraitzen bada, jendea ibiliko da, inongo zalantzarik gabe».

Ostatuak zerbitzu integrala eskainiko du, beraz, eta eguneroko ostalaritza zerbitzuaz gain, dagoeneko hasita daude bestelako ekitaldiak antolatzen. Martxoaren 8aren bueltan herriko emakumeek egiten duten afaria ostatuan bertan egingo dute, eta martxoa erdialdera, emakume abeslarien inguruko saio bat egingo dute bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!