Energia aurrezteko gomendioak emango dituzte tailer batean

Ataria 2023ko urriaren 23a

Azaroaren 2an egingo dute tailerra 18:30ean eta parte hartu nahi dutenek urriaren 27a baino lehen eman beharko dute izena.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak, Irurako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendioak ezagutzera emateko tailerra antolatu du, azaroaren 2an, 18:30ean, Eskola Zaharreko ekitaldi aretoan.

Norberak bere etxean ezarri ditzakeen eraginkortasun neurrietarako beharrezko materialak erakutsiko dira eta energia aurrezteko balio duten ohitura aldaketak zein diren azalduko da. Parte hartzen dutenei, Energia-aurrezkiari eta –eraginkortasunari buruzko aholku praktikoen gida banatuko zaie. Gida honetan modu erraz eta ulergarrian azaltzen dira energia aurrezteko eta eraginkorragoak izateko baliagarriak diren hainbat aholku.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, urriaren 27a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke: Posta elektronikoa bidaltzea argitu@gipuzkoa.eus  helbidera; edota 628 530 303 telefonora deitzea, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 18:00etara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!